Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eibarko Klub Deportiboaren dantza-taldea Gipuzkoako txapeldun 1952an.

Eibarko Klub Deportiboaren dantza-taldea Gipuzkoako txapeldun 1952an.

Amatiño 2025/04/14 00:10
Eibarko Klub Deportiboaren nesken dantza-taldeak Gipuzkoako Lehen Saria irabazi zuen. Gregorio Santa Cruz maisu zela eta, txistulari, Jose Luis Perez Sarasketa.

Club Deportivo 1952Eibarko Klub Deportiboaren dantza-talde osoa, 1952an. Ezkerrean, Jose Luis Perez Sarasketa txistulari eta eragile amorratua, eta eskuinean, berriz, Gregorio Santa Cruz, guztion maisu mitikoa.

Mutikoak, 1945eko kintakoak-edo, batez beste. Guztiok ere aurten 80 urte beteko dituztenak, gutxi gora behera. Neskak, ostera, hamarren bat urte-edo nagusiagoak, orain 90 urteren bueltan eta, hartara, ezezagunak beheko mutikoentzat. Hala ere, tartean dira Arrate Artamendi, Riaño, Mari Tere Salinas, Berraondo, Isabel, Carmen… Inork izenik zehaztu nahi izango balu, esan baino ez du.

Barreneko mutikoak, ezkerretik eskuinera, zutik: Mikel Larrañaga, Zana, Jose Mari Usatorre, XX, Migel Espilla, Viteri, Mikel Elorza eta Manuel Lecona. Makurtuta, Pedro Artamendi, Ramon Idigoras, Pello Gisasola, Roberto Ruiz, XX, Juan Mari Usatorre eta XX.

Urte hartan, neska-taldeak irabazi zuen, Donostian, Gipuzkoako Lehen Saria, eta, Isabelita Perón tarteko, jaso zuten Argentinara joateko gonbitea. Ez zuten, ordea, joaterik izan, ordurako hainbat neska beharrean hasia zelako.

Amatiño
Amatiño dio:
2025/04/16 19:06
Goiko informazio hori argitaratu zen egun berean hil zen, Donostian, 71 zituela, Elena Barrena Osoro historialari eibartarra, 1988an Deustuko Unibertsitatean doktoratua, "La formación histórica de Guipúzcoa: transformaciones en la organización social de un territorio cantábrico durante la época altomedieval" tesiaz. Hurrengo urtean argitaratu zuen "La formación histórica de Guipuzcoa" zabalkunde-lana, non jakinarazi zuen Iputza lurraldearen sorrera, egunotan San Telmo Museoan ikusi daitekeen “IPUSCUA 1000 URTE. Ipuscuatik Gipuzkoara, 1025-2025" erakusketaren iturburu.

Elena 1953an jaio zen, goiko argazki hori baino urtebete geroago, baina 1960ko hamarkadan zehar dantzan jardun zuen Gregorio Santa Cruz maisuaren esanetara. Nonbait estimu handitan zuen maisu handiaren ardurapean dantzatu izana, bere etxean ageriko lekuan baitzuen dantzari ageri zuen argazkia.

Elenaren errautsak Arraten zabalduko dira, bere gogo dantzariak maite zuen inguru-minguruan.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: