Ehun urte ez dira alferrik joan
Beste hamabost urte pasatu behar izan ziren Espainian estreinako botoa eman orduko eta, anekdota gisa, Euskal Herrian gainerako Estatuan baino hamabost egun lehenago eman ahal izan zuten botoa emakumeek, Euskal Estatutuaren erreferenduma, Espainiako hauteskunde orokorrak baino igande bi lehenago izan zenez gero.
Legea, Kongresoan eztabaidatu ostean, diputatuen %57 alde azaldu ziren eta %43 kontra. Hainbat arrazoi ezberdinez, baiezkotan azaldu ziren sozialistak, eskuindarrak, eskuin-errepublikarrak eta Euskadiko nahiz Kataluniako abertzaleak. Ezezkotan, ordea, ezkerreko errepublikarrak, radikalak eta radikal-sozialistak.
Harrigarri iruditu arren, kontra botatu zuten guztiak ez zeuden emakumeen botoaren kontra. Orduko ezkertiar eta feminista askok uste zuten, emakumerik gehienak kontserbadoreak eta ezjakinak zirela, eta euren botoa zeharo eskuindarra izango zela, Errepublikaren kaltean.
Iritzi horretakoa zen, esaterako, Indalecio Prieto sozialista eta, bere alderdiak besterik esan arren, aurkako botoa eskatu zuen, emakumeei botoa ematea, "una puñalada trapera contra la República" zela-eta. Virginia Kent feminista amorratuak ere aurkako botoa eman zuen, lehentasuna Errepublikari eustea zelakoan eta emakumeen boto-eskubidea beranduagorako utzi zitekeela aldarrikatuz. Ildo beretik, Pio Baroja idazle liberala ere, aurka, emakumeek apaizek esandakoa egingo omen zutelako.
Emakume Abertzale Batza elkartearen eraginez, Eusko Alderdi Jeltzalearen diputatu guztiak emakumeen botoaren alde azaldu ziren, "ez iritzi batez baina bai aho batez". Hau da, ez denak konbentzimendu osoz, baina bai alderdi-disziplinaz.
Jesus Maria Leizaola “lehendakari zaharra”, Jose Antonio Agirre lehendakaria hil ostean karguaz arduratuko zena, beldur zen berdintasun-lege haren ondorioz emakumeek ez ote zuten soldaduska egiten amaitu behar izango, baina baiezkoa eman zuen "foruei zegokien tradizioari jarraituz".
Lauaxeta poeta abertzaleak ere, emeen sentsibilitatearen jabe izan arren, ez zuen antza garbi ikusten, bertso hau burutu zuenean: Ludira etorri gara. Uso-antzo, zeu, urrumarako. Leoi-antzo, neu, gudatarako.
Hau da, emakumea urrumakoak egiteko eta gizonezkoa, berriz, borrokarako.
Joanak joan, ehun urte ez dira, gero, alferrik joan.
EUSKADI IRRATIA – Albiste faktoria