Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ehun urtez gorrixkatu zen hondartza

Ehun urtez gorrixkatu zen hondartza

Amatiño 2016/07/13 00:05
Muskiz eta Zierbena arteko La-Arena hondartza da, Bakiokoaren ondotik, Bizkaiko hareatzarik handiena eta jenderik gehien biltzen duten lauetako bat. Baina, horrez gainera, badu beste berezitasun nabarmen bat: bertako harea gorrixka da. Are gehiago, gutxi zein asko, oinak eta eskuak gorritu ditzakeen harea, ehun urte luzez burdin-meatzen ustiaketak utzitako jaraunspena.

Ekologista talde batek hitzez hitz salatu berri duenez: “La-Arena hondartza kutsatua dagoela esateko ez dago aditua izan beharrik. Bertara joan, toalla jarri eta gorrituta jaso besterik ez dago hango kutsaduraz jabetzeko eta Petronorren ageriko kalteak nabarmentzeko”.

Arrazoi dute gure ekologistek. La-Arena hondartzak gorriz zikintzen duena jakitzeko ez dago aditua izan beharrik. Aski dateke bertakoa edo zaharra izatea. Haatik, kanpokoa, gaztea edo ekologista ausarta bazara, lelokeriak esateko arrisku handia duzu.

Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu teknikoek astean behin-edo aztertu ohi dute euskal hondartzen ur-kalitatea eta tokian tokiko txostena eskaini. Ingurumena sekula baino zainduago eta kontrolatuago dagoen garai honetan, erakundeek behar izaten dituzte analisiak egin, ezelango kutsadurarik ez dela bermatzeko. Hala ere, ekologista izanez gero, batere analisirik egin beharrik gabe ere, edonork esan dezake zer dagoen kutsatua eta zer ez, baita bide batez ustezko kutsatzailearen izena prezio berean salatu ere. Eta ez da ezer pasatzen. Dena libre da ekologiaren izenean.

Bai, oraindik ere Muskiz eta Zierbena arteko La-Arena hondartzako hareak gorritzen jarraitzen du, baina ez ezein industriaren eraginez, 1967 urte arte indarrean iraun zuten burdin-meatzen isuriez baizik.

Ahaztu egin zaigun arren, orain dela 50 urte arte, Gallarta inguruko maldan beherako Kotorrio eta Barbadun errekak zeharo gorri jaitsi izaten ziren eta, buztingorria baino gorriagoa zen jario hura itsasoraino heltzeaz gainera, bazter guztiak gorrixkatu ohi zituen.

Ikusi besterik ez dago 1967ko argazkia, garai hartan itsasaldea (ura zein hondartza) zein gorria zen ikusteko eta, itsasgora zein itsasbehera, egunero bi aldiz mende luzean zehar (1859-1967), zergatik inguru guztia nabarmen gorrixkatu zen gogoratzeko edo ulertzeko.

Berrogeita hamar urte geroago, hondartzaren ezkerraldea, muskiztarra, errekaldera jotzen duena, erabat garbitu edo iragazi da, geroztik jaitsi izan den ur garbiari esker, hain zuzen ere. Baina eskuianaldekoak, Zierbenakoak, errekaren onurarik ez duenez gero, oraindik ere gorri samar dirau.

Petronor_hondartzaLa-Arena hondartza, 1967an. Ikusi, ezkerraldean, goian, itsasoaren benetako kolorea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: