Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ehun milioi urte begi bistan

Ehun milioi urte begi bistan

Amatiño 2008/08/17 17:30
Merezi du. Bai, merezi du bai Zumaiatik Debara bitartean udaran eratu ohi den itsas-bidaia egiteak; hau da, harako flysch inguru ezaguna itsasaldetik behingoz ikusteak: 75 minutu (joan-etorria), 13 eurotan. Eguraldia eta olatu-maila Turismo bulegoak erabakitzen ez dituen arren, gaurkoan bata zein bestea ezin hobeak. Merezi izan du.

Nahiz eta jakinekoa izan, nolabaiteko zirrara eragiten du gidariari entzuteak orain dela ehundaka milioi urte Europa eta “Iberia”ren artean itsasoa besterik ez zela, Mediterraniotik Atlantikora bitarteko itsas-adarra alegia, eta itsasbazterra, berriz, Errioxan edo. Nonbait ez da erabat egia “betidanik” hemen izan garenik.

Hain zuzen ere, zorioneko flyscha geruza gogorren (kareharriak eta hareharriak) eta bigunen (tuparri eta haitz buztintsuak) arteko etenbako sekuentziek osatzen dute, iberiar plataformak europar kontinentearekin topo egin aurretik bertikal asko zutitu zirenak. Goi kretazikoaren aztarrenak begi bistan, ehun milioi urte bai zahar.

Inguru atsegina benetan, itsasoak behera egiten duenean agerian azaltzen diren itsaslabar zabalak. Leku aproposa izkiak, karramarroak eta karrakelak hartzeko. Baita piraguan* hurbildu eta biluzik, larrugorritan, paseatu eta alga arteko bainua hartzeko ere. Eguzki galdatan ez dago Karibe hoberik eta sirimiriak edota ganduak jotzen dutenean, ostera, Eskoziako highlandak ematen du.

Gomendagarria ere, trenbide zaharretik, Mendata, Aitzuri, Sakoneta, Elorriaga, Pikote, Andika berri eta Algorri edo Arritokieta gainetik oinez zein mendi-bizikletaz jorratu daitezkeen hamaika joan-etorri, PR GI-45 delakoa tarteko.

Goialdeko bidezidorretik ezezik, behin egina nago Sakonetatik Debarainoko ibilaldia ere, itsasbazterrean zehar, haitzez haitz. Hurrengoan, berriz, Sakonetatik San Telmopeko Algorrira egin beharko dut, gaur bertan potinetik ikusi ahal izan dudanez, harlanduzko hondartza luzekina baitago Zumairaino bertaraino. Samurra ematen du.

* Deba-Zumaia joan-etorria kanoaz 1984an egin nuen. Lau ordu behar izan nituen.

  Aitzuri eta Sakoneta

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: