Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Eguzkitza euskaltzainaren omenaldi-eguneko argazkia

Eguzkitza euskaltzainaren omenaldi-eguneko argazkia

Amatiño 2015/02/23 00:10
Berrogei urte beteko dira aurten Juan Bautista Eguzkitza euskaltzainaren omenezko hilarria jarri zela Lemoan. Argazkiak gogorarazten digunez, bertan bildu ziren Henrike Knörr, Eusebio Erkiaga, Juan San Martin zein Luis Villasante euskaltzainak eta Augusto Unzeta-barrenetxea Bizkaiko Diputazioaren presidentea. Bostetarik inork ez dirau egun bizirik.

Juan Bautista Eguzkitza (1875-1939) abade, idazle eta kazetari lemoarra XX. mendearen hasierako “euskal berpizkundearen” eragileetakoa izan zen, eta 1919an sortutako Euskal Akademiaren lehen hamabi euskaltzainetako bat, Azkuek proposatua. Haren garaia, biografia eta idazlanak Andres Urrutia euskaltzainburuak jasoak ditu eta Bidegileak sorta barruan argitaratuak.

Eguzkitza 1939an hil zen, gerra amaitu eta hilabetera. Ondoko berrogei urteko tunela ez zen inondik ere sasoirik egokiena izan haren belaunaldiaren berri emateko eta, are gutxiago, inoren omenetan aritzeko. Diktaduraren azken urtean, berriz, Franco hil osteko hurrengo astean, Euskaltzaindiak, Bizkaiko Diputazioak eta Lemoako herriak hilarria jarri zuten bertako semearen gomutaz eta omenez, Andra Mariaren elizaren ondoan. Eta hantxe darrai.

Lemoa1975

Henrike Knörr, Eusebio Erkiaga, Juan San Martin, Luis Villasante eta Augusto Unzeta-barrenetxea, Juan Bautista Eguzkitzaren omenetan jarritako hilarriaren ondoan (Lemoa, 1975)

Augusto Unzeta-barrenetxea, eibartarra jatorriz: "Arikitxanekua"

Augusto Unzeta-barrenetxea, Bizkaiko Diputazioaren presidentea (artean ez zen Foru Aldundirik), ETAk erail zuen 1977an. Jaiotzez gernikarra zen arren, Eibarko unzetatarrenekoa zen jatorriz, “Arikitxanekua”.

Arrate Balleko Arikitxa-andikua baserrian jaio, kalera jaitsi eta lantegia jartzeari ekin zion lehen Unzeta-barrenetxea Pedro izan zen (1854-1934). Unzeta Ferreteria sortu zuen 1874 urtean eta pistola-fabrika, berriz, 1903an, gero Gernikara eramango zutena (1913).

Pedrok bi seme izan zituen, barrena: Andres eta Rufino. Aurrena, Andres, Eibarren geratu zen ferreteriaren arduradun eta Rufino, ostera, Gernikara joan, Astra enpresaren zuzendari. Andresen semea, Gregorio “Arikitxa”, Eibarren jaio eta hil zen; eta Rufinorena, aldiz, Augusto gernikarra, bertako alkatea izan zen lehenik, eta gero Bizkaiko Diputazioaren presidentea, ETAk erail zuen arte.

Augusto hamaika tiroz azkendu zuen ETAk, 1977ko urriaren 7an, Gernikako Jai-Alai pilotalekura zihoala palatan egitera, larunbatero legez. Hiru seme-alaba zituen. Aldamenean zeramatzan bizkartzainak ere bertan geratu ziren zerraldo, 12 eta 17 tiroz. Hiltzeko "arrazoien" artean aipatu ziren ez zuela ikurrinik jarri nahi izan, ezta iraultza-zergarik ordaindu ere.

Nik neuk ez nuen Gernikako unzetatarrik ezagutu. Eibartarrak, berriz, ikaragarri asko. Andres zaharrarekin sekula ahazten ez den anekdota berezietako bat izan nuen (hor nonbait idatzia dago), eta Gregorioren etxera sarri joan izaten nintzen mutikotan, ez nintzen-eta alferrik Pedro eta Alberto semeen lagunmina.

Gazte jendeak ez badaki ere, Arragueta eta Bidebarrieta kaleen arteko zubiari izena zaio "Arikitxanekua", hain zuzen ere Arikitxa-andikua baserrian jaiotako Pedro Unzeta-barrenetxearen eta ondokoen omenetan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: