Eguzki ikurraren aztarrenak
Auskalo gero zein ote den Nafarroako harmarriaren jatorria baina, zer gerta ere, begi bistakoa da nafar kateek, euskal ikurrin sabindarrak eta krismoi erromanikoek erro berekoak ematen dutela. Lehenak, Antso Azkarrak Jaendik edo ekarritako kateak omen; bigarrena, Arana Goiri anaiek elkarren gainean jarritako gurutze bik osatzen dute; eta hirugarrena, Kristo zenaren monograma, X gehi P. Hiru ideia zeharo diferenteak behar bada, baina hiruron jatorrian zentzu berbereko ikurra segurutik: eguzkiaren ikurra.
Hiruron sinkretismoa edo, San Juan de la Peña (Huesca) monastegiko Errege Panteoian dago, XII. mendeko hilobi batean, nik dakidanez inon katalogatu gabeko eguzki-ikurrean hain zuzen, Iparraldeko edozein hilerritan batere nabarmenduko ez litzatekeena. Bertatik bertara ikusita, edozein abertzale sutsuri ikurrina gogoraraziko dio, nafarrei euren ezkutuaren adierazgarria eta kristauei, berriz, oinarrizko krismoia baino ez. Baina, ez bata, eta ez bestea. Antso Azkarrak XIII. mendean bereganatu omen zituen kateak (Navas de Tolosa, 1212), Arana anaiek ia zazpirehun urte geroago asmatu zuen ikurrina; eta adituek ez dute San Juan de la Peñako ikur hori bertako krismoien artean krismoitzat katalogatu.
San Juan de la Peñako (Huesca) Errege Panteoia, XII. eta XIII. mendeetakoa

Ezkerraldean krismoi erromanikoa, katalogatua. Eskuinean, berriz, katalogatubako kristaurreko eguzki-ikurra edo. Biak, elkarrekin, San Juan de la Peñako Errege Panteoian daude, beste hogeitaka hilobiren artean.
Beste bikote honetan, ezkerraldean Nafarroako harmarria, non Antso Azkarrak Jaengo Navas de Tolosatik ekarri omen zituen kateak agertzen diren eta eskuinean, ordea, Arana Goiri anaiek elkarren gainean jarritako gurutze biak.
Zornotzako Nafarroa Torrea
Aipagarri ere Zornotzako Nafarroa Torrearen harmarria, gaur egun Bilboko Euskal Museoaren klaustroan begi bistan dagoena. Izan ere, oraindik ere bada Zornotzan Nafarroa auzoa, non Nafarroa torrea zegoen eta, Juan Ramon Iturriza (Berriz, 1741-Munitibar, 1812) historilariaren esanetan: “Se hallaba edificada en el sitio donde estuvo plantada la mojonera del Reyno de Navarra, la cual arrancaron los vizcaínos de común acuerdo el 28 de enero de 1150”.
Egia esan, ez dut uste garai hartan nafarrek eta bizkaitarrek ezer egin zutenik “elkarren akordioz” baina, tira, bertan zegoen zorioneko harmarria, “con cadenas como las de Navarra”, Javier Ybarra y Bergéren (Bilbo, 1913 - Barazar, 1977) iritziz.
Gaur egun Zornotza urrun samar dago Nafarroatik, eta zer esanik ez gero Aragoitik, baina ez ahaztu XI. mendean Bakioko Gaztelugatxe Doniene izen bereko Huescako San Juan de la Peñaren menpe zegoela. Izan ere, testu zaharretan Gastel-Ugach agertzen da, atxa alegia, ez gaiztoa. Garai hartako erregek eta jauntxoek San Juan de la Peñan nahi izaten zuten ehortzi eta hantxe hilobiratu zituzten Iñigo López Ezkerra naiararra eta Toda Ortiz aulestiarra, Bizkaiko jaun-andereak.