Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egutegi-takoen omenetan

Egutegi-takoen omenetan

Amatiño 2016/01/03 00:05
Ume-umetan ezagutu nuen nik, gurean, Arantzazuko Andre Mariaren Egutegia. Baita egunero irakurri ere. Tako-orria irakurtzeko eta sukaldeko arbel beltza hitz berriak azpimarratzeko.
Egutegi-takoen omenetan

Aurtengoaren azala

Takoa aitaren militantziari zor genion eta arbela, ostera, amaren irakurzaletasunari. Nik gogoan dut non eta noiz ikasi nuen gaztelaniaz. Ezin esan, ordea, beste horrenbeste euskararen gainean. Esango nuke betidanik jakin izan dudala euskaraz irakurtzen eta idazten. Gurasoen meritua. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Nire bilobek nekez ulertu dezaketen arren, egutegi-takoek omenalditxoren bat mereziko lukete euskal eskola eta zabalkundearen historian zehar. Kontu izan, esaterako, Arantzazukoak, soil-soilik, 500 milioi orri inguru zabaldu izan dituela zazpi hamarkadatan.

XIX. mendeko asmakizuna, antza. Sabino Arana izan zen aurrena, tako-orrien baliagarritasunaz jabetzen, euskal mezuak etxez etxe zabaldu ahal izateko. 1898an argitara eman zuen lehenengo “egutegi bizkaitarra”, eta hartaz baliatu zen euskal historiaz eta geografiaz hainbat zertzelada laburbiltzeko, berak burututako euskal izendegia ezagutarazteko eta ideia politiko abertzaleak (ikurriña, Gernika, debeku politikoak, Bergarako ituna etab.) hedatzeko.

Honetaz guztiaz interesik duenak sarean aurkitu dezake Joseba Intxaustiren Euskal almanaka eta egutegiak (1815-2006) txostena. Hor dago dena edo ia dena. Eta gehiago dakikeenak jaso dezala eskua.

Egutegi-takoak

Joseba Intxaustik bildutako zerrenda

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: