Eguneroko Euskadigintza
Eibarko Armeria Eskolan lanbide-heziketa amaitu ostean bizikleta-fabrika batean ekin zion aurrenengoz beharrari eta, orduz kanpo, Industria Perito ikasketak burutu zituen Terrassako Politeknika Eskolan. 1963an, 23 urte baino ez zituela, beste lagun birekin batera enpresa sortu zuen etxe-behebarru batean, orduan Eibarren ohi zenez. Langile birekin hasi ziren hiru enpresari gazteok, baina beraiek ere, nor bere lanean, beste zenbait fabrikatako behargin zirenez gero, gauez, asteburuz eta oporretan jardun behar izan zuten eurena aurrera ateratzeko.
Zenbait urte luzez, irabazi apur guztiak enpresa berriaren mesedetan ezarri zituzten: makina gehiago erosi, ekoizpena hobetu, lantegia handitu, lan-postuak sortu…
Europara ateratzeko lehenik frantsesa ikasi eta gero, berriz, alemanez. Ikaslerik gabe, bere kasa; afalostean magnetofoi zaharraz etxean eta, kaseten bitartez, autoz ibili behar zuen bakoitzean.
Etorri ziren garai zailak, krisialdiak, gorabeherak, aldaketa politikoak, merkatu zorrotzak, asmatu ezinak… baina beti kementsu, ekin eta jarrai, sekula erlojuari begiratu gabe, ahalegin guztien azpitik eta arrisku guztien gainetik. Urteak joan eta urteak etorri, gauzak ondo egin beharraren beharrez, harako enpresa txikerra Europako Kalitate Saria irabaztera heldu zen eta gaur egun 150 behargin baino gehiago ditu.
Zertzelada hauek Nuria Lopez de Gereñuk azaldu ditu bidenabar, aita zenaren omenetan, Egitasmoak eraikitzen dituzten baloreak izenburupeko artikuluaren baitan (HERMES. 2012ko martxoa, 40. zenbakia).
Confebask-en Idazkari Nagusiaren iritziz “oraingo krisialdi hau ez da ekonomiko hutsa. Gizarte- zein hazkuntza-ereduak ari zaizkigu aldatzen eta, honelakoetan gertatu izaten denez, oinarrizko erreferentzia eta argibide bila dihardugu guztiok ere, hauturik aproposena asmatuko ote dugun itxaropenetan”.
Nuriari ez zaio, jakina, ez erreferentzia teorikorik eta ez eskarmentu profesionalik falta dozena erdi orrialdetan lanaren, adorearen eta konpromiso pertsonalaren baloreak aldarrikatzeko, baina nahiago izan du –ulergarriago eta adierazgarriago, segurutik— aita zenaren eredua gogoraraztea.
Bai. Nuriaren aita zenak gaur egun kinka larrian dauden baloreak bertatik bertara ezagutu, bizi, landu eta defenditu izan zituen. Premian, eskasian, beharrean eta ahaleginean hazi eta hezitako belaunaldia izan zen berea. Tristea da aita hiltzea. Tristea belaunaldi osoa galtzea. Baina tristea ez ezik kristoren drama latza ere bada belaunaldi oso haren lan-baloreak galtzea.
Jose Antonio Agirre lehendakariak esan zuen: “Hay que pensar que el futuro nos pertenece, pero que debemos prepararlo desde ahora”. Juan Marcos Lopez de Gereñu iritzi berekoa izan zen. Hutsetik hasi eta enpresa arrakastatsua indarrean jartzeko denbora izan zuen, hizkuntzak ikasteko, familia eredugarria osatzeko, ondorengoak baloretan hazteko, abertzale izateko, ikastola sortzen laguntzeko eta, beti ere, gauzak ondo egiten ahalegintzeko. Berak esan ohi zuenez: “gauzak, egitekotan, ondo egin behar dira”. Eta, “egin beharreko guztietan ahalegindu beharko genuke Euskadi egiten”.
Nuria Lopez de Gereñu. Ezpal onekoa. Lan-baloretan hazia eta hezia