'Eguna' lehen euskarazko egunkariak, 80 urte
Euskarazko egunkaria argitaratzeko lehen asmoa Lizardik azaldu omen zuen, 1929an. Euzkadi gaztelaniazko izparringiak egunero eskaini ohi zuen orrialde bat euskaraz eta, atal hartan oinarrituz, euskal egunkaria sortzeko aukera sumatu zuen poetak. Hala ere, egitasmo hura ez zen egia bilakatu 1937ko Urteberri arte, Lauaxeta zelarik, ordurako, EAJren egunkariaren euskal atalaren arduradun.
Egunaren egiazko txangoa aurreko Gabonetan hasi zen, Juan Ajuriagerrak edo Lauaxetak --bietako batek, ziurrenik, nahiz zehatz nor ezin jakin-- eguneroko bat euskaraz ateratzea agindu ziotenean "Abeletxe" idazle bilbotarrari.
Enkargua jaso bezain laster, Manuel Ziarsolo zenak ziztu bizian ekin behar izan zion hainbat taldekide biltzeari, eta, halaxe, Gabon zaharretarako elkartu zituen bere inguruan hainbat gazte: Augustin Zubikarai (22 urte), Eusebio Erkiaga (24), Jose María Arizmendiarrieta (21), Jesus Insausti “Uzturre” (24), Iñazio Eizmendi “Basarri” (23) eta beste hainbat.
Zein giro eta baldintzatan lan egin behar izan zuten, Eusebio Erkiagak kontatu zion Joseba Agirreazkuenagari 1990an.
“EGUNA ez zan egunkari normala izan. Besteren ekipamenduz baliatu zan: idaztegela, paper, tipografi, erbesteetako albisteen iturri… Kazetari-kumak, gudari auxiliarrak, osasunez erdi makal edo ikusmenean akatsak zituenak, 21-24 urteko gazteak inprovisazino moldakatxera behartuak. Goizetik gauera periodista bihurtuak.
Giroa latza, mingarriena: etxagerratea, bestek hasia. Eguneko eta gaueko ordu luzeetan lan ta lan jardun ondoren, barruko kritikarik egiteko aukera haundirik ez genduan izan, bost hilabete ta erdiko lanbide nekatsuan. Goitiko kontseilaririk izan genduanik be, ez dot uste. Hasi eta ekin: “Orainarte egin dozue; aurrerantzean be egin beharko” - otxandioarrak ** esana. Arean bere, jakintsu be ez ginala, euskeraz artez eta azkar idazten ikasi baino lehenagp, erredaktore. Hori dok hori!
Plantilla motxa genduan: kaleko lanetarako ia inor ez; guda-oinetara joateko, are ezago. Erbesteetan ez geunkan korresponsalik. Itzulpen lanen betegarritzat, mesedegarri genduzan kaleko lankideen idatziak, olerkiak, etab. Intuizinoz, <...> zer egiten genduan be asko ez genkiala, aurrerakuntzak burutu genduzala euskal kazetaritzan; zera kazetal hizkuntza barri bat, labur, zehatz, aseptikoa.”
Gernikako bonbardaketaren berri, 'Eguna' egunkarian
---oo0oo---
* Unamuno 1936ko abenduaren 31an hil zen eta urtarrilaren 2an EGUNAk zera argitaratu zuen: “Euzkerea baztertu eta lurperatuteko agindu eban jaun au, euzkerea egunero <...> kaleratuten asi dan egunian bertan il da. <...> Orra, ba, gizonak asmau eta Jaungoikoa’k erabagi. Zeruan gerta dedila gixaxo andija”.
** Ez du otxandiarra nor ote zen zehazten, baina, segurutik, Juan Ajuriagerrak (1903-1978) behar zuen izan. Otxandiarra izateaz gainera, Agirre lehendakariak jarri zuen-eta “zabalkunde-arduradun”, gerra-garaian, propaganda frankistari aurre egiteko.