Egoera sinesgarria, jarrera sinesgaitza
Samuel (Yvan Attal) eta Suzanne (Kristin Scott Thomas) senar-emazteek, ganora urriaz eta lar errutinaz dirauen bikote burgesa osatzen dute. Etxean hainbat konponketari ekin behar eta, Ivan (Sergi López) orduka lan egiten duen igeltsero apala agertzen da. Bi gehi bat, horra ezohiko eta ezusteko hirukotea.
Hiruron artean senarra da, segurutik, egiazkoena, identifikagarriena eta sinesgarriena. Horrelako hainbat bertatik bertara ezagutzeko ez da urrutiegi joan behar. Nere belaunaldikoen artean begi bistakoak dira, inori ezer galdetu beharrik gabe ere. Alegia, lanpostu on eta diru dezente duten enpresari edo profesionalak, emazteak etxetik kanpora lanik ez egiterik nahiago dutenak horretarako premiarik ez delakoan, baina gero, egiazko orduan, dena nerea da, ni naiz-eta dirua etxera ekartzen dudan bakarra esateko batere lotsarik ez dutenak eta emazteari batere autonomiarik uzten ez diotenak. Senar guztiz matxistak, emazteak besteren batekin aldegingo ote duen beldur direnak, baina ez emaztea maite dutelako, lagunen aurrean adardun agertzeko lotsa direlako baino.
Era honetako senarren biktimarik aurkitzea ez da batere zaila euskal gizartean baina bai, ostera, Partir filmako Suzanne bezalakorik, sexu-pasioari amain eman eta, sei hilabetean, senarrari kontatu, etxetik alde egin, seme-alabak utzi, lanposturik arruntenean aritu, lapurretan jarraitu eta, azkenik, bere bizimodua erabat alferrik galtzeko gertu dagokeenik.
Feministei ez omen zaie filma gustatu, emakumeak jasaten duen egoeraren biktima emakumea bera agertu beharrean errudun edo azaltzen omen delako. Nik ez dut uste, ordea, hori denik arazoa. Kontua da nik egoera horretako hainbat emakume ezagutu arren ez dudala sekula horren zuhurtasun, patxada, oreka eta malgutasun gutxiko emakume kamikazerik ezagutu.
Sinesgarriak dira --guztiz egiazkoak baitira-- Suzanne emazteak jasandako egoera mingarriak eta sufritutako erasoak, mehatxuak, mespretxuak eta gutxiespenak, zoritxarrez errealitatea fikzioa bera baino askoz ere latzagoa baita. Baina, tamalez, inondik ere benetakoa ez dena Suzanne emazte gaixoaren jarrera drastiko eta zurruna da. Emakumeak Suzanne baino zentzuzkoagoak, bareagoak, neurritsuagoak eta sotilagoak dira. Beti ere euren buruaren jabeagoak.
Harrigarriena zera da, Catherine Corsini filmaren zuzendaria emakumea dela. Gizonezkoa balitz, tira, auskalo, batek daki… Baina, emakumea izanik, ez da gero erraz aditzekoa. Hor nonbait, atzekaldean, Zazpigarren Arterik baino gehiago, esperientzia traumatikoren bat edo beste dago. Bestela ez da ulertzekoa.
Senarra
Maitalea