Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egoera latzagorik ezagutu izan dugu

Egoera latzagorik ezagutu izan dugu

Amatiño 2012/07/22 10:30
Egunak neramatzan noiz txanda hartuko egungo krisialdia baino latzagorik bizi izan dugula idazteko eta hona non, nik gogoan nuen ildo beretik, Juan Carlos Ramirez-Escudero kazetariak idatzi duen “Ya pasamos tiempos peores” (Deia, 2012.07.21) artikulua.

Ez da gero batere harrigarri Juan Carlosek eta biok gogoeta berdintsuak egin ahal izana. Elkarrekin ginen 1977ko ekainaren 8an, erredakzio-talde berberean, Deia egunkarian estreinako kaleratu zenean. Gero bakoitzak bere bidea egin zuen –nik ETBrako jauzia eta berak, berriz, SER-erakoa (egun landetxea kudeatzen du eta aldizkaria argitaratzen)-- baina, azken batean, nahiz lan-talaiaz aldatu, herri honen nondik norakoa bertatik bertara begiztatzeko aukera paretsuak izan ditugu.

Bat nator erabat Juan Carlos Ramírez-Escuderoren tesiarekin: 1980ko hamarkadaren hasieran ezagutu genuen panorama oraingoa baino dezente eskasagoa izan zen: euskal industria zaharkitua maldan behera, %25eko lanik eza, ETAk urtero erailtzen zituen 50 eta 60 lagun eta, nolabait esateko, guztiaren “errua” gurea baino ez zen.

Gaur egun, ostera, ETAk ez du inor erailtzen; XIX. mendeko siderurgiaren, ontziolen eta kedun enpresen ondotik nazioartean lehiatzeko teknologietan dihardugu; langabezia %12 da eta, gainera, txarrenean ere, ez gara gu krisiaren eragile zuzenak izan.

Nik ere uste dut, Juan Carlosek bezalaxe, ez genukeela horren ezkorrak izan behar. Hala ere, egoera 1982an baino txarragoa ez den arren, beldur naiz ez ote zaigun falta garai hartako ilusioa eta kemena. Orduan, Eusko Jaurlaritza sortu berriaren lidergoaz baliatzeaz gainera, EVE (energia) SPRI (industria-birmoldaketa), EiTB (irrati-telebista), HABE (euskalduntze-alfabetatzea), Emakunde (berdintasuna) eta beste hainbat lanabes elkarrekin indarrean jartzeko tenorea izan genuen. Orain, ordea, dena gainbehera-arriskuan dagoen honetan, ez bide gara gai zaborrekin zer egin asmatzeko ere. Aberats berrien ajeak.

Eta ez gero pentsa 1982tik aurrerako garapena ustekabean edo zori on hutsez etorri zenik. Nik neuk 1976an Xabier Arzalluzi Z.ARGIA astekarian egindako elkarrizketan buruzagi jeltzaleak aurreratu zuen egin beharrekoa eta, aldi berean, Herri Batasunak zer ez zuen egingo iragarri. Hemerotekara jo baino ez dago.

Ideia berriak behar ditugu, ilusio berriak, erronka berriak. Eta konponbidea ez da gero kanpotik etorriko, 1982an etorri ez zen bezalaxe. Herri honek egitasmo estrategiko berriak behar ditu, zilborra begiratzeari utzi, ialgi kanpora eta munduan fruituak eman eta zabalduko dituzten egitasmoak. Nor dira, non dira, asmo berriak asmatuko dituzten asmatzaileak?

txu
txu dio:
2012/07/30 16:38
Dudatan nago Espainiako gobernuak, ezetz esan arren, errekatatua izatea gura duela. Abantailak: a) kreditu merkeak, eta b) errua besteei leporatu ahal. Espainiako gobernuak badauka pentsiodunei pentsioak jaistea, polizia eta ejerzitoa gutxitzea... badauka zer egin. Baina nahiago du ez egin eta gero "derrigortuta" dagoela esan, kulpa besteena dela esanez.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: