Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egitasmoa, metodoa baino aipagarriagoa

Egitasmoa, metodoa baino aipagarriagoa

Amatiño 2013/05/20 23:55
“El método Arrieta” dokumentalak hiru maila ditu. Bata, formala, dokumental bat dokumental baten barruan. Bestea, izenburuari dagokiona, Lourdes eta Mentxu ahizpek elkarri hitzegiteko asmatutako komunikazio-metodoa. Eta ondokoa, pasadizoan, bi ahizpa adoretsuen egoera eta eragozpenei aurre egiteko grina. Lehena anekdotiko samarra da; bigarrena, honezkero, zaharkitua edo; eta hirugarrena, aldiz, errotik adierazgarria, eredugarria eta txapela kentzeko modukoa.

Lehenak ezer gutxi eskaintzen du eta, behar bada, protagonisten eta ikusentzuleen arteko tartea gehitu, handitu eta areagotu baino ez du egiten. Hurbildu beharrean urrundu, alegia. Bigarrenak orain dela hiru hamarkada inguru telebistaraino iritsi zen metodoaren berri eman nahi digu. Eta, hirugarrenak erakusten digu bizitza zein zaila izan daitekeen, normaltasuna zein gutxi baliotzen dugun eta, zer gerta ere aurrera egiteko, gizakiak zein ahalmen handiak dituen bere erraietan.

Ezin zalantzan jarri elkarren berri jakiteko Arrieta ahizpek azken hiru hamarkadotan landu duten metodoa, “begiez idazteko” modua. Baina, aldi berean, zalantzarik ere ez gero, teknologia digitalen ondotik egun badirela 1979an ez ziren aukerak, hautuak, tresnak eta lanabesak. Izan ere, beldur naiz zorioneko metodoa txalotu nahi duen dokumental berberak ez ote duen, azkenean, haren anakronismoa salatzen.

Eta bitartean bada, bastidore artean, kontakizun ikaragarri gordin eta latza --Arrieta ahizpen egoera eta egoera horri sendo, zindo eta gogotik aurre egiteko irmotasun eta balentria eredugarriak— edozenbat sekuentziatan zerbait gehiagoren zain edo faltan geratzen dena.

Hitz batez, komunikazio-metodo bakan bat asmatu duten bi elbarrituren historia kontatzen digu dokumentalak. Baina behar bada, aukeran, askoz ere garrantzitsuagoa bi “baliaezinek” euren kabuz baliatzeko egunero eskaintzen diguten erakustaldia.

Auskalo Lourdesen eta Mentxuren metodoak gaitasun-etsaminarik gaindituko ote lukeen gaur egun. Euren kuraiak eta kemenak bikain asko, ordea!

Arrieta

Lourdes eta Mentxu Arrieta

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: