Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egiazko Trujillo ez zen izan, nonbait, literaturari komeni bezain sinesgarria

Egiazko Trujillo ez zen izan, nonbait, literaturari komeni bezain sinesgarria

Amatiño 2020/08/13 11:45
2000 urtean Vargas Llosak argitara eman zuen “La fiesta del chivo” eleberri historikoa non, 500 orrialdetan, Trujilloren hiru hamarkada luzeko (1930-1961) diktadura nobelaratu zuen. Hogei urte geroago, Carlos Saurak, 80 minutuko saioan, antzerkiratu duen nobela, hain zuzen ere. Artea behar da, gero, 30 urteko historiaz nobela egiteko. Eta orobat, artea, 500 orrialdeko nobelaz ordu eta erdiko antzerki-saioa burutzeko. Baina, artea nahiko ote?
Egiazko Trujillo ez zen izan,  nonbait, literaturari komeni bezain sinesgarria

Juan Echanove, Trujillo

Trujillo auto-barruan tirokatu eta “garbitu” zutenean, 1961 urtean,  Bilbon ari nintzen ni ikasten, beste hainbat gipuzkoarrekin batera pentsio familiar batean; etxekoandrea zen, Venezuelako erbestean hildako gudariaren alarguna. Galdutako gerra, atzerria, euskal diaspora, Venezuela, Dominikar Errepublika, Franco, Trujillo, Galindez, Agirre, Kennedy, Kruschev, Castro, Mao… afalosteko solasaldiak amaigabeak izan ohi ziren eta,  inondik ere aspergarri ez zen mundu hartan, Trujillo, diktadore arrazista, xenofobo,  anker, ustel, bortxatzaile, erailtzaile eta sarraskitzailerik larriena zen.  Gaiztakeriaren gaiztakeriaz, gehiegikeriaren gehiegikeriaz,  zitekeenik sinesgarriena iruditzen zitzaigun.

Vargas Llosak zera esan beharra sentitu zuen bere nobelaz: “Hau nobela bat da, ez historia-liburu bat; hartara, askatasun handiaz, handi-handiaz, idatzi nuen. Oinarrizko gertakariak errespetatu behar izan nituen, baina aldatu eta eraldatu nituen gauza asko, historia sinetsarazleagoa izan zedin, baina ez dut puztu”. Carlos Saurak, berriz, ildo beretik, hogeita hamar urteko diktaduraren 500 orrialdeko nobelaz 80 minutuko antzerkia egin beharraren beharrez, ikusentzulea sinetsarazi nahirik ere, antza, alegiazko hamalau urteko neskatilaren (Urania Cabral) sexu-erasoaz grinatzen da. 

Trujillok egindakoek ez zuten akaburik izan eta haren burugabekeria izugarriak ez du, behar bada, parekorik.  Baina Vargas Llosak fikziozko pertsonaiak eta gertaerak asmatu behar izan zituen haren miseriak eta lazturak sinesgarriagoak irudi zekizkion irakurleari, eta Saurak fikziozko pertsonaia eta gertaera berberak azpimarratu behar izan ditu 80 minutuko laburpenean, ikusentzulea  konbentzitzen jarraitzeko. Enbutuaren iruzurra, badakigu nola sartzen garen alegiazko fikzioan egiazko historiak kontatzerakoan, baina gero ez dakigu nola atera egiazko gezurretik, alegoriak burutzerakoan.

Ezin izango dugu dena historia zehatz-mehatz eta objektibora mugatu baina, inor sinetsarazteko, historiaz dihardugularik,  asmakizun nahasia  al da sorketari geratzen zaion artifizio bakarra? Artea ala errazkeria ote?

Jon Etxabe
Jon Etxabe dio:
2020/08/14 02:05
Galdera kilikagarriak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: