Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Egiaren hegiak

Egiaren hegiak

Amatiño 2015/11/11 19:15
Kazetari bazara eta telebistan lan egin, urbitsetan ikusiko duzu “La verdad” filma. Sektore hori barrutik ez baduzu ezagutzen, ostera, segurutik luze samar egingo zaizkizu bi orduak eta xehegiak, berriz, hainbat barne-zertzelada zehatz. Era batez zein bestez, Robert Redford, zahartxo, eta, Cate Blanchett, mundiala.

Benetan jazotako gertakarietan oinarritua da James Vanderbilt zuzendariaren Truth filma hau. CBS katearen “Sixty minutes” programak susmatu zuen, 2004 urtean, George W. Busch lehendakari-gaiak azpijokoz edo ezkutuko gomendioz lortu zuela, gaztetan (1972), Vietnamgo gerrara joan beharra saihestea.

Itxura guztien arabera susmoa egia bilakatu zen arren, Dan Rather (Robert Redford) aurkezlearen eta Maria Mapes (Cate Blanchett) ekoizlearen lan-taldeak ezin izan zuen ehunik ehun salaketa hura frogatu, eta euren lanpostuaz larrutik ordaindu zuten.

Egituraz ekoizpen iparamerikar peto-petoa, primeran egina, landua eta burutua, kazetaritzaren epika behin eta berriz goretsiz, egiazko informazioa aldarrikatuz, baina, betiko baina, astindu beharreko presio politiko eta ekonomikoak lar nabarmendu gabe. Gauzak... neurriz gero, ikuskizuna ikuskizun baita!

Edozein modutan, informazio-ikerketaren gainetik eta hari nagusiaren azpitik, filmak azken hirurogei urteotan albistegietan izan diren hainbat aldaketa sakon gogorarazten ditu pasadizoan, mendebaldeko kazetaritzak jasan izan dituen gorabeheren berri tarteka-marteka emanez. Alegia, ordutegi-aldaketa, informazio-audientziaren gainbehera, fikzioaren garaipena, albistegien diru-sarrerarik eza, aurrekontu-murrizketa, egunkarien galera, albiste-erroen ahazmena iritzi-miritzi arolen mesedetan etab.

Egiaren hegiak...

Blanchet-Mapes-Robert-Redford-Rather_74752575_102306_1706x1280

Maria Mapes ekoizlea (Cate Blanchett) eta Dan Rather aurkezlea (Robert Redford)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: