EGArik gaindituko ez lukeen itzultzailea
Netflixen egitasmo berriaren arabera, proposamen berean eskaintzen dira hainbat hizkuntzatako audio-bertsioak eta, horrez gainera, sei hizkuntzatako (euskaraz, katalanez, gailegoz, gaztelaniaz, ingelesez eta ukraineraz) azpidatzi-aukerak. Ez dagokit niri gainerako hizkuntzen arteztasuna baliostea, baina zilegi bekit esatea euskararena ez dela ontzat emateko bestekoa.
Horretarako ez dago filma geratu eta azterketa sakonetan jardun beharrik. Aski da, irakurri ahala, okerreko moldeak begietsi besterik ez, alegia: “Eskerri asko”, “izenarik”, interesarik”, “errautsarik”, “lanarik”. “eskuinatik”, “izamez gero”... Edota konkordantziarik gabekoak: “erromantikoei dagokionez”, “emadazu paperak”, “harrigarriak izan liteke”, “ez dizute gonbidatu”, “har ditzazue”, “krimen maisua ihesari eman dio” etab. Horrez gainera, badira itzulpen guztiz xelebreak. Esaterako, gaztelaniaz “menuda fiesta” eta euskal itzulpena “zelako numeritoa”. Gaztelaniaz “soy yo”, eta euskaraz “nik neuk”.
Esan dut ez naizela nor gainerako hizkuntzetako itzulpenak baliosteko, baina zilegi bekit azalpen batto jartzea, guztietarik onartezinezkoena euskal itzulpena dela erakuste aldera. Esaterako, ingelesezko audioak “can´t anyone control these bloody women?” dioen pasartean, gaztelaniazko bertsioak zera dio: “¿Alguien controla a estas malditas mujeres?” Eta azpidatziak, berriz: “!Que alguien controle a estas mujeres!” Ildo beretik, katalanez: “¿Ningú pot controlar a aquestes maleÏdes dones?”; gailegoz “¿ninguén vai a controlar estas mulleres?”; eta euskaraz, berriz, “kontrolatu neska puta hauek!”. Bai, ondo irakurri duzu. Baita nik ere. Zein itzultzaile aluk har ote dezake horrelako hauturik? Auskalo!
Dena dena, bai harrigarria dela itzultzaile ezkutuaren profila. Nonbait hizkuntza guztiak dakizki, euskaraz-edo izan ezik. Filmaren amaieran, Edithek (Susie Wokoma) neskameak Sherlock Holmes (Henry Cavill) detektibeari ematen dio atera berri den egunkaria eta diotsa: “Sherlock, your paper”. Gaztelaniaz, “tu periódico”; frantsesez, “votre journal”; italieraz, “il vostro giornale”; gailegoz, “o seu diario”; katalanez, “el diari”; eta, euskaraz: “zure papera”. Ingelesez bezalaxe, logika hutsa.
EGArik sekula gaindituko ez lukeen itzultzailearen logika; curriculumean Netflixentzat lanean diharduela harro asko esango duenaren axolagabekeria; nahiz musutruk lan egin, berandu baino lehen Netflixi garesti aterako zaion mailarik eza.