Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ezker abertzalearen estrategia “berriak” urte asko ditu eta memoria gutxi

Ezker abertzalearen estrategia “berriak” urte asko ditu eta memoria gutxi

Amatiño 2014/02/15 17:50
“Euskal Bidea” omen da Sortuk, LABek eta Ernaik elkarrekin aurkeztutako “ezker abertzale osoarena izango den estrategia”. Are gehiago, “Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz”. Joan? Nora? Berritzat proposatu nahi diguten estrategia horrek gutxienez berrogei urte ditu barren! Non da zorioneko euskal memoria?

Hiruzpalau egunkaritan informazio berbera hainbat aldiz irakurri arren, ezin zorioneko “euskal bide” horri leriokeen aztarren berririk aurkitu. Berria egunkariak dakarren testua behin eta berriz aztertu eta… alferrik; horrenbeste esne-berbaren eta hiru semeiko jeroglifikoren artean ezin gero ezer berririk sumatu.

Ulertzen saiatu beharraren beharrez, badirudi Sortuk, LABek eta Ernaik proposatu nahi digutena honako lau abiapuntuotan laburbildu daitekeela:

1. Euskal Herria hiru esparru politikotan banatua dagoenez gero, lehen eta behingoz hirutako bakoitzak bere estatus politiko propioaz jabetu beharko du.

2. Hiru estatus politiko horiek berdinezak izan arren, elkarrekin izango lukete --xede berean-- Euskal Herriaren aitortza eta etorkizunaz erabakitzeko eskubidea.

3. Aurrenengo harmaila lurralde-batasuna izango litzateke eta lurraldetasuna bateratu ostean letorke independentzia. Hau da, “Euskal Herri independiente, sozialista, euskalduna eta feminista”.

4. Guztia, jakina, espainiar zein frantziar estatuen “inposaketen” kontra, euskal gizartearen baitan indarrak metatuz eta, beti ere, “bide demokratikoen” bitartez.

Tira, nire interpretazioa zuzen samarra baldin bada (eta ez bada, norbaitek esan diezaidala zertan ez den), niri behintzat ondoko hausnarketa hauek otutzen zaizkit:

1. Ez dut horretan guztian ezer berririk sumatzen, Euskal Herri “feminista” (¿?) aldarrikatu nahi izana edo izan ezik.

2. Hori guztia posible izan da azken 35-40 urteotan. Lehen nahiz orain, baldintza bakar berberaz: harako aldarria hauteskundeetan frogatu eta lortu beharra, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, baita Araban, Iparraldean eta Nafarroan ere.

3. Sortuk, LABek eta Ernaik orain proposatzen dutena, gaur egun bezain posible zen 1976an. Ez dut esango orduan orain baino errazagoa zenik, baina bai orduan ez zela orain baino zailagoa. Non egon da ezker abertzalea azken lau hamarkadotan?

4. Hori baldin bada zorioneko “Euskal Bidea”, inork azalduko al digu, behingoz, zertan aritu da ETA denbora honetan guztian? Hogeita hamabost urteren bueltan (1940-1975), Franco hil zen Espainiaren salbatzailea izan zelakoan. Beste hogeita hamabost urte geroago (1979-2014) ETAk Francorenak egingo al ditu? Euskal salbatzailearen leka sartu nahi al digu?

5. Euskal Bidea zertan den betidanik jakin izan dugunon aurrean prentsaurreko zaharkiturik eskaini beharrean, zergatik ez dira Sortu, LAB eta Ernai ETAren buruzagien bulegoetara joaten (bulegoetan baitaude) eta ez diete gogorarazten 1976an galdutako trena?

Sortu

“Euskal Bide” berriaren (?) aurkezpena. Gehienak demokrazian jaioak eta, segurutik, zaharrenak hamar urte inguru baino ez, Franco hil zenean. Benetan uste al dute aurkezten ari direna berria dela? Benetan uste al dute aurretik sekula posible izan ez den estrategia berritzailea asmatu dutela? Non da zorioneko euskal memoria?

jaime
jaime dio:
2014/02/16 19:44
Orain dela urte mordoa, Amatiñoren zutabe batean ezagutzen ez nuen esaera bitxi eta polit batekin egin nuen topo: “esne-berba”. Harrezkero, eta, testuingurua kontuan hartuta, egokia baldin bada, gustura erabiltzen ohi dut esamolde jator hori.
Gaurkoan ere, Amatiñokin bat nator. “Euskal bide” famatu hau, memori gutxiko (edo bako) gazte ilusionatu eta intentzio onekoek “asmatu” dute, nik uste. Ez ditut errepikatuko Luis Albertok emandako arrazoiak, oso argi eta garbi geratu direlako.
Ez. Nik beste haritik tiraka harilkatu nahi dut “euskal mataza”, hau da, demografia.
Gauza jakina da Euskal Herriko demografia, Europako mailan, txikiena edo txikienetarikoa da. Orain dela urte mordoxka, El-Gadafi koronelak baieztapen kezkagarria – guretzat – egin zuen: Europa osoa geureganatuko dugu gure emakumeen sabelaren bidez eta ez dugu tiro bat ere botatzeko beharrik. Argi eta Garbi!!
Adituek diotenez, gaur egun, Euskadiko jaiotza-tasa 1,4 seme-alabak emakumeko omen da. Beste aldetik, aditu berberek baieztatzen dutenez, Herri bat bizirik jarraitzeko 3 seme-alabak emakumeko behar duela, gutxienez. Sarritan, emakume islamiarrak ikusten ditugu gure kaleetan, sabela hanpaturik, umetxo bat orgatxoan eta hirugarrena eskutik oratua. Europa, AEB eta Canada osoan aniztu dira udazkeneko perretxikoak bezala, eta gainera, gure seme-alabei “ez dagozkien” laguntzak eskuratzen dituzte.
Beraz, zenbat urtez iraungo du “euskal bideak” ? Eta berrogei urte barru, ba al da Euskal Herririk izango?
Hau da errealitatea eta beste guztia ESNE-BERBAK.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: