Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Edonori gustatzeko moduko filma

Edonori gustatzeko moduko filma

Amatiño 2023/04/23 20:05
“Filma gustatzen bazaizue… esan, ahalik eta jenderik gehienak ikus dezan”, eskatu zuen Lara Izagirre ekoizleak, Estibaliz Urresola zuzendariarekin eta Ane Gabarain zein Itziar Lazkano aktoreekin batera egindako aurkezpenean. Nekez aurkituko du, ordea, filma gustuko izango ez duenik.
Edonori gustatzeko moduko filma

Estibaliz Urresola

20.000 especies de abejas filmaren aurkezpen komertzialaz hasiera eman zitzaion, aurreko ostiralean, aste guztian zehar Donostian eratuko den 20. Giza Eskubideen Zinemaldiari, Carmen Castillo zinegileak Eneko Goia alkatearen eskutik jaso zuen sariaren ondotik.

Berlinen, Malagan eta Hong Kong-en saritua izan den filmak ez du honezkero aurkezpenik behar. Jakinekoa da trans gaia, ikusi beharreko euskal filmetakoa eta, zer esanik ez, Lara Izagirre ekoizlea lasaitze aldera adieraziko badugu, edonori gustatzeko modukoa, are gehiago emakumeei.

Film-ideiaren sorrera kokatu behar da 2018 urtean, noiz Ondarroako Ekai gazteak bere buruaz beste egin zuen, berari ukatzen zitzaiona etorkizunak inoiz ekarriko zuenaren itxaropenetan.

Aukera hori espantu handirik gabe gertatzen da Estibaliz Urresolak proposatzen duen erlautzaren inguruan, non funtzio orokorren gainetik, nork bere nortasuna aurkitu behar duen eta, aldi berean, gainerakoei beste horrenbeste aukera eskaini.

Baserria, industria, tradizioa, eliza, santu galduak, belaunaldi zaharren portaerak eta berriek ezagutzen ez dituzten jokamoldeak; arazoei ez ikusi egiten dieten helduak, familiaz kanpokoek zer esango dutenaren beldur direnak, haurren naturaltasuna eta bizitzaren konplexutasuna.

Izan ere, filmari lepora dakiokeen ajerik nabarmenenetakoa da, konplexutasun anitz horren aurrean alderdi gehiegiri erantzun nahi izatea. Urresolak lar informazio ematen du sarri, leihatila ugariegi irekitzen ditu, zinezaleak mataza guztietara iristeko behar beste haririk ez duelakoan. Hainbatean, ikusleak “indarka” sumatuko du bere burua, filmak, aurrera jarraitu ahal izateko, nolabaiteko bultzakada behar izango balu bezala. Hogei minutu gutxiagok ez lioke ikuskizunari kalterik erakarriko.

Esan gabe doa, Sofia Otero,  Berlinaleko Zilarrezko Hartzaren irabazlea, baina, Ane Gabarainen zein Itziar Lazkanoren lan nabaria gutxiesteke,  erabat azpimarragarria, zeharo apartekoa, nola asmatu ez dakien Patricia López Arnaiz ama gaindituaren sekulako papera.

Emakumeen ikuspegitik eta emakumeen sentsibilitate bereziaz egindako filma.

Sofia Otero
Filmaren azken irudia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: