Echenoz…
Azken honen itzulpena (Gerardo Markuleta) merkatura iritsi orduko irakurria nuen nik gaztelaniaz baina, alabari aitortu bezala, ez nau batere harritzen argitaletxeren batek euskaratu izanak, Jean Echenozen azken* nobela honek hiruzpalau dohain preziatu biltzen baititu: laburra, zuzena, ironiaduna eta ahoz aho irabazitako ospearen jabea. Bada, gainera, beste arrazoi zentzuzko samar bat, aurreko hiruak –Ravel, Lasterka eta Tximistak— Meettok argitaletxe berak plazaratu zituenez gero…
Gauza dezente asko hitz gutxitan esatea –artez, murritz eta mehar—kazetaritzaren oinarri-oinarrizko merituetako bat bada ere, ez dakit meritu berberori erantsi ote dakiokeen literaturatzat jo ohi dugun moldeari. Nago, ordea, literatura lar joriak irakurleak urritzen dituela eta arranditsuak, berriz, uxatu.
Badakit presaka eta harrapataka bizi garena. Jakin ere badakit, ez genukeena horrela bizi behar, baina, esanak esan, nostalgiak nostalgia, ez dirudi aspaldiotako arrapalada-joera maldan behera doanik, alderantziz baizik.
Edozein modutan, diodan -- honezkero argi ez baledi— asteburu batean edo lokartu aurreko hiru-lau oheratzetan amaitzeko moduko eleberriak ditudala nik neuk maiteen.
* Egia esan, argitaratu berri duen azken-azken (2014) idazlana, zazpi eleberri labur, "Caprice de la reine" da.
---ooOoo---
Itxura guztien arabera Echenoz abizenak euskalduna behar du izan, egungo euskal eremuan nekez aurkitu daitekeen arren parekorik. Hala ere Echenozek berak esana: “Euskal Herrian baino ez dute nire abizena ondo ahoskatzen”. Arrazoi osoa, frantsesaren edo gaztelaniaren hizkuntza-mugetatik atera gabe ez dago-eta, Etxenoz, euskaraz bezain ondo irakurtzerik.