Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ebroa: guda, konkista, sarraski, garraio eta merkatu-ibaia

Ebroa: guda, konkista, sarraski, garraio eta merkatu-ibaia

Amatiño 2023/09/03 07:50
Zaragozan kexu ziren aurreko jaian, Ebro ibaiak behar besteko urik ez zeramalako (1). Ez zen trabesik falta Pilaricaren ostean errekara begira ziren jubilatuen artean, Harrizko Zubipetik (2) ba ote –ala ez— ibar batetik bestera oinez zeharkatzerik. Baietz, ezetz… auskalo.
Ebroa: guda, konkista, sarraski, garraio eta merkatu-ibaia

Vareiako aztarrenak

Nork daki urik gabeko Ebroa “kontranatura” ote den, baina “kontrahistoria”, behintzat, bai. Izan ere, mila urte joan dira Alfontso I.a Nafarroakoak, "Borrokalariak" (Etxo, 1073)  --Iruñeko zein Aragoiko errege zelarik-- gudaroste galantak Ebroz eraman zituenetik ibaian behera, marabutak (almorabideak) garaitzeko asmotan. Eta ez zituen bidali tokian tokiko laborariek erabili izaten zituzten ala, txanel edo gabarretan, 500 urte geroago Colonek Ameriketara eraman zituen hiru karabelen pareko itsasontzi peto-petoetan baino.

Bi mila urte, berriz --Alfontso Borrokalaria baino mila urte lehenago, beraz— erromatarrek eraiki zutela portua beroien Vareia hirian, Iregua erreka Ebrora isurtzen den bidegurutzean (3). Ez da ezusteko kasualitatea, arrazoizko kausalitatea baizik, 13 kilometro baino ez baitaude egungo Vareako (Logroñoko auzoa) portua zena eta La Custodia (Viana) aztarnetegiaren artean. Vareiako kaietatik Dortosako (Hibera, Tortosa) bokaleraino, berriz, 350 km. inguru.

Mendetan, Ebroa nabigagarria izan zen egungo Errioxatik Mediterraneoraino. Egia bada Alfontso erregeak ibaian behera jaitsiarazi zituela gudari-saldoak almorabideen kontra borrokatzeko, ez da gero inondik ere asmakizuna, vikingoak ibaian gora iritsi zirela Iruiñeraino, X. mendean, gustuko omen zituzten sarraskiak burutu eta ziztu bizian alde egiteko.

Ez zen, horratik, dena guda, borroka eta sarraskia izan. Mendeok aurrera egin ahala sekulako merkataritza garatu zen Ebroan zehar, Dortosatik Vareiara, Escatronen eta Caesaraugustan barrena. Behetik gora iristen ziren zeramikak, marmolak, ardo eta gazitze-anforak, bitxiak eta beirak. Goitik behera, ostera, artilea, larrua, burdina, lihoa, gatza, garia eta egurra.

Goi mailako agintarien garraioa ere urez egin ohi zen, Zaragoza eta Bartzelona arteko joan-etorria ibaiontzitan egiten baitzuten Aragoiko erregeek eta gorteetako jauntxoek. Eta ez pentsa, gero, Erdi Aroko kontu soilak direnik, lehen lurrun-ontzia 1858an heldu zen-eta Escatroneko ibai-kaietara, itsasbazterretik 90 kilometrora. 

1) Azken egunotako euriteek ere ez omen dute lar eraginik izan Pilarica inguruan, Gallego ibaia Zaragoza pasa ostean elkartzen baita Ebrorekin. 

2) Puent de Piedra,  XV. mendekoa. Zaragozako zubirik maitatuena eta argazkiratuena.

3) Iregua erreka Soriako Aintzira Berdean jaiotzen da, Aintzira Beltz ospetsutik 15km ingurura (3 ordu t'erdi oinez), “Urbion” gailurraren magalean.

Vareia Biarno
Goitik behera eta ezkerretik eskuinera: Oiasso (Irun), Beneharnum (Bearno), Araceli (Arakil), Pompelo (Iruñea), Jacca (Jaka), Vareia (Varea), Calagurris (Calahorra), Gracchurris (Alfaro), Osca (Huesca), Turiaso (Tarazona) eta Caesaraugusta (Zaragoza)




 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: