Ea behingoz gizarteratzen diren
Orain urte t´erdi, goizaldeko ordu txikietan, hainbat gazte Altsasuko taberna batean sartu eta berriketan ari ziren bi bikote mehatxatu eta astindu zituzten. Erasotuak guardia zibilak ziren, euren andregaiekin, eta erasotzaileak, berriz, herriko seme-alabak.
Erasoa terrorismotzat jota, kasua Madrilgo Entzutegi Nazionalera pasatu zen. Atzo hasi zen auzia, non epaituak izango diren zortzi gazte, zeinetatik hiru, bidegabeki, kartzelan egon diren azken urte t’erdi honetan. Batez beste, Fiskaliak 62 eta 12 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatzen die. Gazteon gurasoek ozenki adierazi dute euren seme-alabak ez direla terroristak eta defentsak eskatu du justizia eta proportzionaltasuna.
Nik neuk zinez uste dut, tabernan berriketan zihardutenak Altsasuko seme-alabak izan balira eta erasotzaile-taldea, berriz, kanpotarra, ez genukeela inondik ere gertatua onartuko eta kristorenak esango genituzkeela. Beraz, kasu honetan ere, berdin.
Segurutik arrazoi dute Baltasar Garzon eta Joaquin Gimenez bezalako magistratuek, gertatua terrorismotzat jotzea astakeria dela diotenean; baina arrazoi zuen Txema Monterok ere, idatzi zuenean, jokabide hauek uxatu beharreko ekimenak direla, beste garai bateko jarrerak, behingoz gainditu beharreko jokamolde onartezinak.
Aukeran dator, Altsasuko gazteentzat justizia aldarrikatzea; baina ez letorke soberan gogoratzea, ez dela justua inor erasotzea.
Ez. Herriko jaietan inor mehatxatzea eta astintzea ez da, behar bada, terrorismoa, baina bai matonismo politikoa, eta euren sokakoek aitortu beharko lukete bakebidea, besteak beste, jendea bakean uztea dela, lagunak izan ala ez, iritzi berekoak izan ala ez, gustatu ala ez.
Ez zait iruditzen Altsasuko gazte horiek berrogeitaka urteko kartzela-zigorra merezi dutenik. Ez berrogei, ez hogei, ez hamar... ezta urtebete ere.
Zorioneko proportzionaltasunaren bila, nik pare bat hilabetez sartuko nituzke, baina ez kartzelan, guardia zibilen kuarteletan baizik. Eta ez egonean egoteko, oheak egin, platerak garbitu eta erratza pasatzeko baino ez. Ea behingoz gizarteratzen diren.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria