Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Duintasun eta elementu komun bila

Duintasun eta elementu komun bila

Amatiño 2009/12/27 23:10
“Eskarmentuz dakit inoiz guztiz eskuratu ezin den konkista bat dela duintasuna. Porrot etengabea, beraz” –aitortzen du Anjel Lertxundik bere azken liburuan ('Eskarmentuaren paperak'. Alberdania, 2009). Saiakera omen da. Ez diet nik adituei terminologiarik ukatuko. Are gutxiago egilea errotik saiatu dela sumatu ondoren. Saiatu eta asmatu. Ez dago hor ezein porroten aztarrenik. Literatura, informazioa, hausnarketa eta plazera elkarrekin uztartzen dituen liburu urri horietako baten aurrean gaude.

Mundua sormenezko literaturazaleen eta ez hain zaleen artean banatu beharko bagenu, nik bigarren talde honetan jarriko nuke neure burua. Lertxundiren Eskarmentuaren paperak zein talderentzat den aproposen galdetuz gero, berriz, lehen taldearentzat erantzun behar nahitaez. Baina, horra miraria –miraria, magia, lilura, sedukzioa, artea, sinesgarritasuna edota… duintasuna--, liburua irakurleaz erabat jabetzen baita, piezaz pieza, zatirik zati, flashez flash.

Flashen kontu hau 1993 urtean entzun nion estreinako Anduri, Senez aldizkarian argitara eman zuen Felix qui potuit rerum cognoscere causas (Virgiliok esana: "Zorionekoa gauzen jatorria ezagutzeko gai dena") artikulua tarteko. Baina, noski, hamasei urteren bueltan, Lertxundik testu labur heterogeneoen dinamikaz baliatzen jakin izan du eta ez, horratik, edukien kaltetan. Hau ez da inondik ere snack-barretako otordu azkar eta merkea (fast food), punta-puntako jatetxeetako dastatze-menurik hautatuenetakoa baino. Plateren deskribapenetan hasiez gero, iruzkinak, oharrak, gogoetak, hausnarrak, oroimenak, esamesak… Kalifikaziotan, ostera, adierazkorrak, bizkorrak, sentikorrak, esanguratsuak, barnekoiak, sakonak. Eta emaitzei bagagozkie, hitz bakar batez laburbildu beharrez, multiorgasmikoak. Hori da gero kapazidadea, horren eraztun-pila luze eta anitza etengabe elkarrekin kateatzekoa.

Anjel Lertxundiren eskarmentuaren baitan denetarik dago. Batetik, jakina, literaturazaletasuna, maitasuna, obsesioa, erudizioa, bizi guztiko dedikazioa. Baina, bestetik, gizatasuna, heterodoxia, begirunea, jakingura, ulertu-nahia, aitorpena, eszeptizismo-punttua, autokritika… duintasuna. Eta hau guztia, hitz lauz bezain hitz landuz, hurbil, zuzen, oneski eta maisuki.

Bostehun (ez ditut zenbatu) inguru postetarik bat aukeratzekotan, identitateaz mintzatzerakoan dioenari azpimarragarri deritzat: Banatuta gaude, ez dago herri gisa elkartuko gaituen elementu komunik. Nere aukera honek ez du etikoa, estetikoa edo filosofikoa izan nahi, zeharo praktikoa baizik. Uste bai baitut Lertxundi bera bezalakoak diratekeela, hain zuzen ere, elkartzeari ekiteko elementu komunetako bat.

 

Anjel Lertxundi, 30 urte kunplitu aurretik, Koldo Mitxelena, Ibon Sarasola eta Juan San Martin tarteko

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: