Droneak, jaun eta jabe
Barack Obamak Etxe Zuritik kirikatu zuzen, zuzenean, Osama bin Ladenen hilketa. Hamabi mila kilometrora egon arren, Obamak bere bulegotik behatu ahal izan zituen marineak Al Qaedaren etxean sartzen, gelaz gela miatzen, Bin Laden bera tiroz hiltzen eta, azkenean, baita haren aurpegi-egiaztapen digitala baisten ere.
Hau guztia, 2011an. zientzia-fikzio sinesgaitza-edo zena, koreografia arrunt hutsa baino ez da Gavin Hood zuzendariaren pelikulan. Droneak gustuko dituen edonork derrigorrez ikusi beharrekoa.
Hala ere, Helen Mirren eta Alan Rickman aktore nagusitzat dituen film hau drone-jokoa baino askoz ere gehiago da. Itaunak erantzunak baino ugariagoak azaltzen dituelarik, segurtasunak preziorik ote duen galdetzen du, dena libre ote den segurtasunaren izenean. Alegia, kale-bazterrean ogia saltzen ari den neskatoa hiltzerik ba ote dagoen, horrela dozenaka pertsona salbatuko direlakoan. Zilegi al da inor aurrez hiltzea, ume xume errugabea misilez garbitzea, ondoko erasoan hil omen daitezkeen ustezko biktimen bizitzak salbatzeko aitzakiaz?
Eserlekua berotzeari ekin aurretik, hasiera beretik ataka estuari bete-betean eusten dion haria da, gizakion arteko irizpide kontrajarriak eta ezkurdurak txitean-pitean nabarmentzen dituena: zibilen erantzukizunik ezak, teknikarien kezkak, adituen zalantzak, epaileen arauak, militarren prisak eta politikarien erabaki-ezinak. Zenbat buru hainbat aburu. Norberak zer egingo luke aldarte horretan? Botoia sakatu ote luke?
Filosofia eta teknologia ez omen dira erraz ezkontzen. Behar bada ez, baina, zer gerta ere, nago filosofiak Platonen eta Aristolesen garaietakoa izaten jarraitzen duela eta teknologiak, aldiz, garatu beharraren beharrez, bi mila urteko zidorra urratu duela geroztik.
Edozein modutan, ez gero pentsa efektu bereziez jositako filma denik. Teknologia ez da kasu honetan bastidore arteko baliabide ezkutua, eszenatokian barrena jaun eta jabe diharduen antzezlari protagonista baino.
Ezkutuko bilera, ageri-agerian