Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Donostiako Zinemaldiaren errutina miresgarria

Donostiako Zinemaldiaren errutina miresgarria

Amatiño 2017/09/30 23:55
Ez da zinezale sutsua izan behar –ezta ñoñostiarra amorratua ere— arrandiarik gabe esateko Donostiako Zinemaldia dela, euskal gizartean barrena, urteroko kultura-gertakaririk nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Donostiako Zinemaldiaren errutina miresgarria da ni gehien txunditzen nautenetakoa.
Donostiako Zinemaldiaren errutina miresgarria

1953-2002

Segurutik bada, urtean zehar, Donostiako Zinemaldia baino jaiegun, hitzordu, ikuskizun edo programa nabarmenagorik, baina nekez, bederatzi egunetan, egunero, hainbeste saio eta jende elkartzen dituenik... nazioarteko ohiartzun eta guzti.

Donostiako Zinemaldian  denetarik --eta ez zinemaz soilik--  izan dugu 1953an, diktadura-garairik latzenean, ia ezustean sortu zenetik hona  baina, 65 urte geroago, “Festival de San Sebastian” (50 años de rodaje. Diego Galán, 2002) delakoaren sorrerako helburua bestelakoa izan arren, gaur egun Euskal Herria mapamundian jartzen duten hiruzpalau erreferentzietako bat da Zinemaldia.

Dezente asko dira 65 urte eta ez dut nik esango aurtengoa izan denik ederrena, baina bai, ordea, adierazten ausartuko, urteak joan eta urteak etorri, gero eta sendoago eta errotuagoa iruditzen zaidala, gero eta irmoagoa, gero eta errutina miraritsu eta miresgarriagoan.

Ikustekoak dira, egunero, txartel-leihatiletako hilarak, interneteko ahitze lasterrak, sarrerako jende-errenkada goiztiarrak eta, ezin bestean, behin eta berriz, gainezka egindako aretoak. Segurutik, erritutik asko du denak, baina astebete luzez 170.000 ordaintzaile liluratzeko gauza den ekinaldiari ez zaio batere gutxiespenik zor.

Ikusentzulez, glamourrez, sorkuntzaz eta industriaz, Donostiako Zinemaldia da euskal zeruan urtero dir-dir egiten duen konstelazioa non, hogeitaka sistema ezberdinetan, berrehundaka filmek (aurten, zehatz, 213), bakoitzak bere planetaren berri ematen duen, hala aurtengo Urrezko Maskorraz jabetu den "The Disaster Artist" burugabekeriaren  esperpentoak, nola Altzoko Handiaren tristurak, Constantin Popescuren ("Pororoca") egonezinak, Wiili Herold desertorearen ("The Captain") krudeltasunak edo Borja Cobeagaren ("Fe de erratas) kritika latzak… beti ere etarren gaineko kritika (gaztelaniaz), eta ez etakoei buruzkorik (euskaraz), Harkaitz Canok nabarmendu bezala. 

Antolaketaz, kudeaketaz, programaz, partaidetzaz, publikoz, mediaz zein, oro har, giroz, Donostiako Zinemaldiaren konstelazioaren urteroko errutina miresgarria da ni gehien txunditzen nautenetakoa.

the-disaster-artist

Dave Franco eta James Franco anaiak, "The Disaster Artist", aurtengo Urrezko Maskorraz jabetu dira

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: