Donostia, atsegin-herria eta zinema-hiria
Donostiako Udalak 1862an erabaki zuen alderdi zaharreko harresia botatzea eta hiru urte geroago sumatu zuen, nonbait, aurrez aurre zabaltzen zitzaion bulebarrak aparteko lekua eskaintzen zuela bisitariak erakartzeko: “Esta ciudad es un pueblo mercantil, pero también lo es de baños, con su hermosa bahía, y esto deja utilidad demasiado grande para no aspirar también a que sea un pueblo de agrado atrayendo concurrencia de gentes”. Bilbon, beste 125 urte behar izan zituzten estrategia horren garrantziaz jabetzeko.
Lumière anaiek “zinematografoa” asmatu zutenerako (1895) bazen Donostian “kinetoskopo” (irudi bizkorrak elkarren ondotik) bat, gutxienez, baita hiru urte geroago (1898) hainbat zinematografo txiki ere, auzoetako azoka eta jaietan propio jartzen zirenak, udatiarrentzat batez ere.
Lehen zinema-eraikin handiak Miramar Aretoa (1913), Bellas Artes Jauregia (1915) eta Príncipe Antzokia (1922) izan ziren, Ramón Cortazar arkitekto donostiarraren eskutik eta Vicente Mendizabal (Ikaztegieta, 1864) enpresariaren ekimenez. Hormigoi armatuz Donostian egindako lehendabizikoak.
Vicente Mendizabal hargina zen Goierritik Donostiara gaztetan heldu zenean. Etxegintzari ekin zion eta Amarako zabalgune berrian hainbat etxe eraiki zuen, baita Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokia ere; S.A.D.E. elkartearen (Sociedad Anónima de Deportes y Espectáculos) sortzaile, amaitu zuen izaten dozena erdiren bat zinema-aretoren jabe (Trueba, Petit Casino… ) eta Donostia, Bilbo, Madril zein Zaragozako lauzpabost pilotalekuren kudeatzaile.
Ia ehun urte geroago indarrean darrai SADE enpresak eta zutik diraute, berriz, Bellas Artes jauregiak eta Principe Antzokiak. Aurrena hutsik dago, nora ezean, eta bigarrena, oraintxe eraberritu dute. Biak dira modernismoaren (Art Nouveau) adierazgarri peto-petoak.
Principe eraikina (1922), gaur egun, eraberritu berria (Argazkia: Kursaal Rehabilitaciones Integrales)
Ezkerraldean "tragedia" eta eskuinean, "komedia"
"Bellas Artes" jauregia (1915), hutsik