Doña Justaren bendarik eza
Martzial Agirre bergararra (1840-1900) XIX. mendeko euskal eskultorerik handienetako izan zen. Haren lanak erabat ezagunak dira oraindik ere, Gipuzkoan batez ere, egilea nor arraio izan ote zen inor gutxik gogoratu arren (Marcial Aguirre eskultorea
Loiolatik Azpeitira bitarteko San Inazio; Donostiako Okendo plazako Okendo almirantea bera; Zumalakarregi jeneralaren mausoleoa; Txurrukaren estatua, Mutrikuko plaza nagusian; Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregiko Lezo, Urdaneta, Elkano, Legazpi eta Okendo itsasgizonen irudiak; Xabier Munibe, Peñafloridako kondearen bustoa, Euskalerriko Adiskideen Elkartean; beste hainbat eta hainbat eta, jakina, baita Justiziaren alegoria ere, Bergarako Justizia Jauregian.
Tradizioz, XVI. mendetik aurrera, behintzat, Justiziaren irudia beti izan da emakume gaztea eta ederra, esku batean balantza eta bestean ezpata dituena; eta, beti ere, begiak estalita, partzialtasunik ezaren adierazgarri, zer gerta ere, alde bateko zein besteko interesei ez ikusi egingo diena.
Martzial Agirre 1840 urtean jaioa zen, Maroto eta Espartero jeneralek Bergarako Besarkada sinatu baino urtebete geroago, eta 36 urte inguru zituen, 1876an Foruak deuseztatu zirenean. Hau da, bertatik bertara bizi izan zituen hiru Karlistaden ondorioak. Haren ustez, nagusitu ziren erabakiak ez ziren, nonbait, justuak izan, eta Justiziaren alegoria zizelkatu behar izan zuenean, begitako zapirik gabe irudikatu zuen, batere neutrala izan ez zelakoan.
Hala dio, behintzat, Bergarako elezaharrak; eta, txarrenean ere, ezin uka, harako Besarkada ospetsua, Justizia Jauregia, Doña Justa eta Martzial Agirre bera bergararrak izan zirela eta direla. Horretara, inon jakitzekotan…
Doña Justa, Bergarako Justizia Jauregiaren teilatu-gainean
Bergarako Justizia Jauregia. Teilatuan, Doña Justa