Dispierta fierro, dispierta Aragón!
Egia da. Almogavareak mertzenarioak izan ziren, Aragoiko Koroaren interesen defentsan Mediterraneo aldean jardun zutenak, XIII. eta XIV. mendeetan. Baina egia ere bada, euren ausardia inoren soldatapean jarri aurretik Pirinioen atariraino heldu ziren sarrazenoen aurka gogotik aritu zirela, inork eskatu gabe, aitaren etxea defenditu beharraren beharrez, gau eta eguneko gudan: Dispierta fierro, dispierta! Aragón!
Sortzez aizkolariak, egurgileak, ikazkinak, artzainak eta abeltzainak izan arren, hiruzpalau belaunalditan erasoka jardun ostean jatorrizko lanbidea galdu eta izugarrizko borroka-trebetasun nabarmenaz jabetu ziren. Bake-giroa itzuli zenean, ordea, ez zuten nonbait aurreko bizibideari berriro ekiten asmatu eta gudaz guda jarraitu zuten, inoren koroa armaz defenditzen.
Eleberriak 1215tik 1255era bitarteko lau hamarkadatan kokatzen du kontakizuna, Aragoi eta Tena haran estu eta sakonetako bizimodu nekezaren hil ala biziko zorian. Kontaketaren harian, egileak inguruko hainbat ohitura zahar biltzen ditu, baita edozenbat hitz, adiera eta esamolde berezi jaso ere. Eta, bide batez, Aragoiko historiaren zenbait pasarte gogoratu, aragoiarren arima suspertarazi eta, pasadizoan, mendetan zehar –Aragoiren eta aragoiarren kaltetan— Kataluniak eta katalanek bereganatu nahi izan omen duten gehiegizko protagonismoa salatu.
Aurkezpena Canfranc-eko udal-areto nagusian izan zen, alkate eta guzti. Besteak beste, sasoi bateko almogavareen “asaldatze-sena” ondratuz eta ohoratuz amaitu zuen egileak azalpena. Baita jendaurreko entzule batek bat-batean, hitzik eskatzeke, apal-apal ezarri ere: “Quizá nos vendría bien un poco ahora”.
Beatriz García Aloras, aurkezpen-unean, Canfranc-eko udaletxean