Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Diseinu kontua

Diseinu kontua

Amatiño 2010/09/05 12:34
Teologoek fisikaz nekez hitzegiten duten arren, zientzialariak erruz jardun ohi dira Jainkoaz, batez ere best sellerrak plazaratzen dituzten zientzialariak. Segurutik horrela izan behar du, baina zilegi bekigu irakurleoi helburu komertzialen bat susmatzea.

The Grand Design, Stephen Hawking-en hurrengo liburua, irailaren 9an kaleratuko da, The Times egunkariak aurreratu eta gainontzeko komunikabide guztiek aho batez errepikatu dutenez gero. Auskalo zientzialari britainiarraren tesia zuzena ote den ala ez, baina, zer nahi delarik, saldu salduko du.

Stephen Hawking ospetsuari jaramonik egingo badiogu, físika modernoak ez omen du honez gero (Hawkingez gero) Jainkoaren premiarik Unibertsoaren sorrera ulertarazteko. Big Bang delakoa, ezagutzen dugun munduaren jatorria, fisika-legeen ezin besteko ondorioa izan omen zen, batere Jainko beharrik gabe.

Nik ezer gutxi dakit fisikaz --Jainkoaz ere ez askorik gehiago, egia esan-- baina sekula ez dut gero pentsatu izan fisikak zer esango zain egon beharko nukeenik Jainkorik baden ala ez asmatzeko.

Ezjakintasunaren ezjakintasunez beti uste izan dut zientzia (froga) eta sinesmena (fedea) bi plano paralelo zirela. Honengatik hain zuzen, Stephen Hawkingen jakinduria zalantzan jartzeke, nik ez nuen batere kontuan hartu duela hainbat urte fisikak Jainkoari nolabaiteko lekua lagatzen ziola aldarrikatu zuenean eta beste horrenbeste, orain, aldrebes, fisikak Jainkoari batere lekurik ez diola uzten adierazterakoan.

Stephen Hawkingek A Brief history of Time  (1988)  liburu arrakastatsuaren atarikoan aitortu zuenez, marketing-baldintzarik behinena ahalik eta ekuaziorik gutxien  erabiltzea izan zen. Baita jakintsuak amore eman ere, sekula izan den zientzia-zabalkunde libururik salduenak ekuazio bat baino ez baitzuen aipatu: E=mc².

Oraingoan, berriz, zabalkunde-estrategia ausartagoa (lotsagabekoagoa?) izan da: zientziaz polemikarik sortarazteko gauza ez garenez, sartu dezagun kokteleran erlijio-saltsa pittina..

Baina, auskalo gero ez ote diren oraingo honetan marketin-diseinugileak lar pasatu. Ze, liburuaren ondoriorik mamitsuena zein den aldez aurretik baldin  badakigu… zertarako erosi eta irakurtzen hasi?

                                  

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: