Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Diru-gutizia, ez moral-kontua

Diru-gutizia, ez moral-kontua

Amatiño 2010/12/12 00:05
Frankfurtetik Buenos Airesa 13:50 ordu behar ditu hegazkinak. Ez dira inondik ere Elkanok behar izan zituen bost hilabeteak, ezta gure aita zenak 1930an egindako astebetea ere. Baina, orduz ordu, ipurdiko mina egiteko beste dira eta aldameneko bidaikidea zertxobait ezagutzeko lain.

Daliak 33 urte ditu, Parisen egin ditu azken zortzi hilabeteak eta etxera doa bueltan, apirilarteko uda-oporrak hamabi urteko semearekin pasatzeko asmotan. Ikasturtea amaitu berri da hego hemisferioan, egun gutxi barru uda hasiko da eta, udarekin batera, Eguberri eguzkitsuak.

Hogeita bat urte inguru zituen Daliak ezkondu zenean eta kontatu nahi ez dituen arrazoiengatik duela sei erabaki zuen senarrarengandik banandu, semea ahizparekin utzi, Europara etorri eta, pare bat urtez lanbiderik zaharrenatakoan aritu ostean, isil-poltsa egin eta bizitza berriari ekin.

Dirudienez ez zaizkio gauzak txartoegi joan. Gauaren ilunean ahopeka kontatu bezala, honezkero etxe bi ditu eta autoak alokatzeko agentzia bat Saltan, sorterrian. Atza denez, gutxi gora behera, buruz darabiltzan datuen arabera, Europan zortzi hilabetean “fakturatzen” duen diruaz Argentinako mendialdean etxe duina erosi dezake.  Tengo mis propios clientes, muchos de exos fijos, incluso los puedo elegir, y los que no me gustan por pelolotudos, no los resibo. Jakina, ezin du irabazten duen guztia etxea erosteko gorde, berak ere egunero bizi behar baitu eta hilean behin ahizpari hainbat bidali semeaz arduratu dadin.

Neretzat bederen neskatila gaztea den arren oraindik, herriminak jota ematen du. Umetako pasadizoak, gurasoen basetxeko zakurrak, oiloak eta ahuntzak ditu gogoan, baita sekulako altxorra bailitzan kostata zaindutako guanako parea ere. Ordu oro mate-belarra  hartu ohi zuen aita ez du ahaztu, ezta han-hemenka beti zerbaitetan aritu ohi zen ama ere. Ez du hil direnik esaten eta nik ez diot bizi direnik galdetzen.

Ez da orain sei urte hartutako erabakiaz lotsa. Bai, ordea, urte birako etorri eta sei egon izanaz: Vos m´entendés. No es cuestión de moral sino de codisia. Resien conseguís una casa, y al pronto querés otra. Baina bere buruari agindu dio datorren apiriletik aurrerako ikasturtea izango dela azkena. Beste etxe bat erosiko du, hirugarrena, birekin bat egin –con patio y pileta--, bestea alokatu eta, etxearen errentaz zein auto-agentziaren etekinaz, berak sekula izan ez dituen ikasketak ordaindu ahal izango dizkio semeari. Harro ematen du, erabakietan asmatu duenaren segurtasunaz.

Ezeiza aireportuan, elkarri agur esate aldera, diotsat:

-- A ver si te sale todo como deseas y quizá algún día nos volvamos a ver.

-- Sí, un plaser. Vos querras un presio espesial?

Eta nik, berriz, lotsa-lotsa eginda. 

-- Perdona, no quería decir…

-- Oh, no seas boludo. Vos paresés mi pápa. Los viejos no tenés sentido del humor.

Luistxo
Luistxo dio:
2010/12/16 11:19

Igogailukoaren adinaz egin zenuen komentario bat lehengoan... Hau tokatu izan balitz! Zelako abenturak dituzun, gizona! Osatu ondo atzerepantxo batekin iritsi den ebakuntza horretatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: