Diesela
Gasolina ez da diesela baino ekologikoagoa, diesela ez da gasolina baino kutsakorragoa. Eta hau ez da ideologia-kontua, teknologia-kontua baino.
Egia da, 2014 urte arte, diesela gasolina baino zikinagoa zela, baina merkatuan lehiatzeko eta Europar Batasunaren eskakizunak betetzeko, dieselaren teknologiak etxeko lanak egin zituen eta, gaur egun, dieselak eta gasolinak isurtzen dituzten nitrogeno-oxidoak eta partikulak, antzeko-antzekoak dira. Eta, diferentziarik izatekotan, dieselaren aldekoa.
Izan ere, jakina da diesel-autoek gasolinadunek baino gutxiago kontsumitzen dutela, %15 gutxiago edo, eta, praktikan, kilometro berdinak egiteko, gasolinako motorrak dieselak baino %15 karbono-dioxido gehiago isurtzen duela.. Orduan, zertan ari gara? Ez al genuen ba esan, negutegi-efektua murrizteko, C02 gutxiago isuri beharko genukeela? Non geratzen da ekologiaren arrazoia?
Arazoa da Espainiako parke mugikorra zaharkitua dagoela. Batez beste, 12 urte dituela. Eta trafikoan ari diren diesel zaharrak teknologia berritu aurrekoak direla. Hartara, benetan ezer konpondu nahi baldin bada, irtenbidea ez da diesel berria garestitzea, ganorazko renove-plan batez edo, parke zaharra aldatzea eta berritzea baino, jakinekoa da-eta, diesela gehien kontsumitzen dutenak ez direla, hain zuzen ere, aberatsenak.
Diesela garestitzeak ez dio ekologiari mesederik ekarriko, baina bai, ordea, automozio-sektoreari kalte egingo. Espainia --eta Hego Euskal Herria tarteko-- Europako bigarren auto-fabrikatzailea da eta munduko zortzigarrena. Automozioa da gure industriarik garrantzitsuena eta fabrikatzen denaren %40, dieselak dira.
Hau da, nahiz gure industria eta gure lanpostuak arriskuan jarri, diru gehiago errekaudatu behar bada, esan, baina ez ekologiaren aitzakiarik erabili.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria