Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Diasporan ahaztutako euskal musika klasikoa berreskuratzeko egitasmoa

Diasporan ahaztutako euskal musika klasikoa berreskuratzeko egitasmoa

Amatiño 2021/11/22 22:20
Rafael Agirre gitarra-jotzaileak Tomas Mujika musikariaren “Dantza” eresiaren mundu-estreinua egin zuen, atzo iluntzean, Donostian. Zuzen-zuzenean, ehun lagunen aurrean, 10 euroren truke. Luxu hutsa.
Diasporan ahaztutako euskal musika klasikoa berreskuratzeko egitasmoa

Rafael Agirre

Aukera bat litzateke mundu mailako artista ospetsuak gonbidatzea eta, bide batez, kortesia gisa, euskal musika-lanen bat jo lezaten eskatzea. Eta, beste bat, diasporan ahaztutako euskal musika klasikoa berreskuratzeko, nazioarteko musikari ezagunak gonbidatzea, euskal doinuak ere euren ohiko errepertorioan sar ditzaten. Berdin antzekoa ematen du, baina ez da berdina.

Madrilen, Bartzelonan eta Bruselan armonia, piano eta organo-ikasketak egin ostean, Tomas Mujika (Tolosa, 1883 – Tacuarembó, 1965) duela ehun urte heldu zen Uruguaira, non, garaiko musika-kontserbatorioan ekin zion irakasle izateari, Montevideon. 1942an Musika Kontserbatorio Nazionaleko plaza lortu eta, 1944tik 1951 arte, Tacuarembón hiriko kontserbatorioaren zuzendaria izan zen. Euskal Herrian Mujikaren zantzuak aspalditxo galdu ziren arren, Uruguain, ordea, gogoan dute bertako ganbera-musikaren eragilerik nabarmenenetakotzat.

Rafael Agirre Miñarro, berriz, nazioarteko gitarra klasikorik onenetakoa da egun, eta hona non, Donostia Kulturaren ‘Batura’ Zikloari (Josu Okiñena) esker, artista andaluziarrak berreskuratu duen Tomas Mujika zenaren “Dantza” eresia,  aurrenengo aldiz estreinatu eta, Mujika ("Suite Vasca"), Sabicas, Rodrigo, Lara, Tarrega, Piazzola eta beste hainbatekin batera, nazioarteko errepertorioa osatu.

Ehun inguru lagunentzat burututako emanaldi ederra, zuzen-zuzenean, aurrez aurre, bertatik bertara, hamar euroren truke. Luxu hutsa, bitxi lorea, gutizia aparta.

Nork esan du musika klasikoa garestia dela?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: