Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Denok berdinak gara, baina…

Denok berdinak gara, baina…

Amatiño 2023/01/23 22:15
“Egun ez litzateke, behar bada, onartuko, 1948an adostu zen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala” adierazi du Jorge Dezcallar (1) diplomatiko ezagunak, gaur Guggenheim museoan emandako hitzaldian. Eta ez, segurutik, kontrako iritziak orduan baino gehiago direlako, orain indartsuago sentitzen direlako baizik.
Denok berdinak gara, baina…

Jorge Dezcallar, Guggenheimen

II. Mundu Gerrak (1939-1945) eragin zuen damu eta eskarmentu-giroan suspertu zen Nazio Batuen Erakundea (1945), eta hiru urte geroago burutu, berriz, “Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala”, zeina onartu zuten 58 kideetatik 48 alde azaldu ziren, zortzi abstenitu, bik ez zuten bozkatu eta kontrakorik, berriz, inor ere ez.

Ezin uka, 1948ko mundu hartan mendebaldeko gizarteak 'zibilizazioaren' ordezkari ofizialtzat zuela bere burua, ezin besteko oinarrizko erreferentziatzat, eta Europako balio klasikoak guk bezain estimu handitan ez zituzten 'bigarren edo hirugarren munduko' nazioek amore ematea erabaki zutela, egoera traumatiko hartan xehetasun handiegitan sartzerik merezi ez zuelakoan. Gainera, historiak frogatu duenez, aldarrikapenaren testua onartzeak ez baitzekarren nahitaez bete beharrik derrigortzea. Itxurak bete eta kitto.

Geroztik, munduko indar-orekak nabarmen aldatu dira azken 75 urteotan. Europa gainbehera doa, nazioarteko ekonomiaren ardatza Atlantikotik Pazifikora pasatu da, eta 1948ko munduan 2.500 milioi biztanle zirenak 8.000 milioi dira egun, mendebaldea delarik, hain zuzen, proportziorik murritzenaz hazi dena.

Honako joera hau areagotu egingo da, gainera, hurrengo urteetan. Adibidez, 1948an afrikarrak 228 milioi ziren eta europarrak (Errusia tarteko) 549 milioi. 2050 urtean, ostera, Afrikak 2.508 milioi biztanle izango dituen artean, Europak 679 milioi besterik ez.

Orain badakigu, 1948ko eztabaidetan Txinako ordezkaria (Peng Chung Chan) ahalegindu zena adierazten, Europako kultura judu-kristaua ez zela ikuspegi edo errealitate bakarra, eta mendebaldeari ondo letorkiola Konfuzioren doktrina ere ezagutzea. Ez zioten, ordea, jaramon handiegirik egin eta Txinak sinatu zuen sinatu beharrekoa. Auskalo orain beste horrenbeste egingo ote zukeen.

Izan ere, ez du gure artean inork zalantzan jartzen gizonezkoen eta emakumeen arteko eskubide-berdintasuna, baina jakin denok dakigu islamaren Xariak ez duena horrelakorik esaten, aurkakoa baizik.

Era berean, Argien Garaiak (gure argiak eta gure garaia) erakutsi zigun erlijioa bakoitzaren aukera pribatua dela, baina inork balio publiko eta politikotzat aldarrikatu nahi izango balu? Liberalismoak gizabanakoaren eskubideak lehenesten ditu baina, benetan zaindu beharrekoak eskubide kolektiboak balira? Demokrazia ondo dago baina, meritokrazia justuago balitz? Gazteak dira etorkizuna, bai, baina zaharren jakinduriaren agintaritzari amore eman beharko balitzaio?

Nonbait, George Orwellek sumatu bezala, denok berdinak gara, baina batzuk besteak baino berdinagoak.

1) Jorge Dezcallar. Biografia.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: