Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Denboraz kanpoko auto elektrikoa

Denboraz kanpoko auto elektrikoa

Amatiño 2009/12/11 23:55
Hurrengoa, liburu elektronikoaren zein auto elektrikoaren hamarkada izango da. Horrela esanez gero badirudi pareko asmakizun edo teknologia berri biren aurrean gaudela, baina ez da egia. Liburu elektronikoa guztiz berria da eta auto elektrikoa, ostera, orain dela 50 urtekoa. Izan ere, 1953tik aurrera auto elektrikoak egin ziren Eibarren eta liburu elektronikoa zer izan ote zitekeen ere, inor gutxik jakin zezakeen orduan.

Patxi Lopez lehendakaria lekuko, Eusko Jaurlaritzaren Industriak sailburuak eta Mercedez Benz enpresak hitzarmena sinatu dute gaur bertan, urtebete barru ehunen bat furgoneta elektriko egiteko Gasteizen. Albiste hau ez da gero gauerdiko ahuntzaren eztula. Orain hilabete Energiaren Euskal Erakundeak beste hitzarmen bat sinatu zuen Repsolekin, 2011 urterako auto elektrikoentzako zerbitzu-sarea burutu ahal izateko. Zenbait astebete lehenago, berriz, Cegasak Euskal Energia Klusterrean estreinako bazkidetu eta autoentzako bateriak egiteari ekiteko asmoaren berri eman zuen. Eta, gogoan hartu gero, albiste-kate hau ez da hemen amaituko. Jarraituko du...

Kontua da, ordea, lehen euskal auto elektrikoak 1953tik aurrera egin zirela Eibarren, Electrociclos enpresaren baitan. Informazio honek argitzen du, hain zuzen ere, geroztik esku-erreminta ekoizletzat ezagutu izan dugun enpresaren jatorrizko izenaren zergatia.

Berrehunen bat ale egin omen ziren batez beste, Bilbon, Iruñean, Zaragozan eta Bartzelonan saldu zirenak gehienbat. Motorra General Electric-ek egina eta bateria, aldiz, Tudor markakoa. Prezioa, berriz, 30.000,- pta inguru (175 € edo), transformadore eta guzti. Hau da, autoarekin batera transformadore aproposa  ematen zitzaion erosleari argia sare normaletik hartzerik izan zezan.

45 km/ordukoren abiadaz, ehunen bat kilometroko autonomia omen zuen, beti ere lau-lau edo ordekan ibiliez gero. Hau da, bertatik bertara egin izan ziren frogen arabera, Eibartik Debara eta Debatik Elgoibarrerainoko joan-etorria egiteko arazorik ez baina,  Elgoibarko irteerako aldatza (Sigmakoa) ezin izaten zuen ordea igo. Jaitsi eta bultza egin behar, gutxienez gaina hartu arte.

Orain horrenbesteko irrikaz denok ere amets bide dugun auto elektrikoak zergatik ez ote zuen orduan arrakastarik izan?  Denetariko arrazoiak. Batetik logistikoak, Eibarren lekua beti izan da garesti eta autoak egiteko lur-sail handiak behar. Bestetik, praktikoak, autonomia urria izateaz gainera, ez zuen aldapak igotzeko balio. Segurutik Eibar ez zen lekurik aproposena horrelakorik abian jarri ahal izateko. Gasolinaren abantailak ere gogoan hartu behar, orain baino askoz ere merkeagoa baitzen eta, gainera, C02 isuriak, klima-aldaketa eta horrelakoak... ezta zer zirenik ere. Eta, azkenik, modernitate-puntua gasolinadun (arra) autoari zerion, ez beste etxetresna elektriko bat gehiago bailitzan argiz (emea) zebilenari.

Orain, berriz, etorkizuna emea izango omen da baina ez, hain zuzen, etxekoandrea izango delako.

Autoa aurrezAutoa atzez

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: