Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Delitu ez den guztia zilegi omen

Delitu ez den guztia zilegi omen

Amatiño 2011/04/12 22:00
“Delitu ez den guztia egin dezaket” eta “nere mesedetan ez den guztia debekatu egin behar da”. Hona azken bolada honetan nagusitzen ari zaigun gizarte hedonistak suspertzen diharduen sasilege berri parea.

Jakin badakigu, bai, ezin dena deliturik egin. Legea bete beharra txikitandik ikasi dugu. Baina ez, antza, legeak balore nagusiak defenditu behar dituelako, legea bete izango ez bagenu zigortuak izango ginatekeelako edo baizik. Etika, morala, erantzukizuna, konpromisoa, begirunea… ez daude modan. Are gehiago, etikarik, moralik, erantzukizunik, konpromisorik eta begirunerik eza zilegi dira, lege zehatzik hausten ez den artean. Izan ere, legez delitu ez den guztia egin bide daiteke.

Hau guztia ez da teoria, filosofia edo abstrakzio hutsa, eguneroko praktika arrunta baino, komunikabideetan, kazetaritzan, politikagintzan, lan- eta giza-harremanetan edo genero-berdintasun programetan… edozein jarrera zilegi dela uste baitugu, legeak delitutzat arautzen ez duen artean. Eta, askatasun-simulakroaren aitzakiaz, ez genuke inondik ere legeak gehiago arau lezan nahi.

Beste muturrean, kontraesanik ez bailitzan, badira beste hainbat kasu zeinetan legez arautua dagoena lar eskuzabala iruditzen zaigun, eta dena estu-mestu legez murriztu nahi genukeen. Alegia, etorkinen eskubideak, behartsuen eskabideak, gure osasun-arriskuak, inoren ingurumen-baldintzak, auzo-harremanak, elkarbizikidetza eta lagun hurkoarekiko tolerantzia nahi genituzke, ordenaren izenean, ahalik eta gehien mugatu.

Laburbilduz, gure eskubideak ahalik eta malguenak nahi genituzke askatasunaren lelopean, eta inorenak ahal bezain motz eta zorrotz, aldiz, segurtasunaren aldarritan.

Hedonismoa ote? Bai zera, egoismoa besterik ez.

jaime
jaime dio:
2011/04/13 17:46

Ongiak paradisu merezi duela eta gaizkiak infernua aldarrikatzen duen gizateriarengandik zer espero daiteke bada? Zenbatzuk dira gaikia egiten ez dutenak infernuaren beldurragatik? Zenbatzuk ote dira ongia egiten dutenak paradisuko betiko saria lortzeko, etika, morala, konpromisua, lagun hurkoarekiko maitasuna puzkerbutranketatik pasatuta?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: