Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Debako herri-mugimenduaren historia arrakastatsua

Debako herri-mugimenduaren historia arrakastatsua

Amatiño 2016/12/28 00:05
Jose Mari Izaga (semea), Pako Saralegi eta Carmelo Urdangarin hirukotearen eskutik kalean da ‘EZ, EZ, EZ. Debako Zentral Nuklearraren kontrako mugimendu herritarraren historia’ izenburupeko liburua (Elkar, 2016), non biltzen diren 1973tik 1977ra bitartean, Deban, indarrean aritu zen Arrisku Nuklearraren Aurkako Batzordearen nondik norakoak eta jarduerak. Alegia: “Informazioa hedatuz eta parte hartzeko bide baketsuak erabiliz, enpresa garrantzitsu bati eta Estatuko Administrazioari aurre egin zien mugimenduaren” garaipenaren historia.
Debako herri-mugimenduaren historia arrakastatsua

Chillidaren ikur ezaguna

Eraz eta moldez, lana gehienbat da afer hura bertatik bertara bizi izan zutenen datu-balantza zehatza, kontu-emate joria eta agiri-artxibo oparoa; eta ez, horrenbeste, gertatuaren erreportai gisako historia. Baina, zer nahi delarik, datu eta zertzelada pilarekin batera --edo ondotik--, ezin adierazgarriagoak dira seigarren (Ondorioak) zein zortzigarren (Batzordearen eta herri mugimenduaren arrakastaren arrazoi soziologikoak eta politikoak) atalen seina orrialdeak. Besteak beste, hamabi orrialde nabarmen laburrak (liburu osoak 205 ditu), 40 urte geroagoko belaunaldikoentzat zeharo esanguratsuak eta jakingarriak.

Egileok hamalau arrazoitan oinarritzen dute mugimendu haren arrakastaren ardatza, baina, laburtu beharraren beharrez, aukeran, nik lautan mugatuko nituzke:

 Lehen eta behingoz, energia nuklearraren alde onak eta txarrak eztabaidatzen nahastu beharrean, haren arriskua salatzeari ekin ziotela buru belarri. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.

 Batzordekideen artean denetariko jendea biltzeko gauza izan ziren: enpresaburuak, zuzendariak, langileak, irakasleak, ikasleak… Eta ez energia nuklearraz adituak zirelako, Debako herriarekiko konpromiso ezaguna eta eraginkorra zutelako baino.

 Intelektualen, artisten, zientzialarien eta, oro har, prentsaren ekarpena lortu zuten, Eduardo Chillidaren diseinua, Arantzadi Zientzia Elkartearen (Jesus Altuna) txostena eta Jose M. Portell (ETAk 1978an. erail zuen*) kazetariaren zabalkundea tarteko.

 Ez zen batzorde alderdikoia izan. Alderdi politikoen eraginetatik libre aritzen asmatu zuten;  sekula ez zuten legeriaren marra gorririk urratu eta erabat mugimendu baketsua izan zen.

 

* ETAk ez zuen hiltzerik lortu baina tiroz larriki eraso zuen, 2000. urtean, Jose Ramon Rekalde legelari sozialista. Rekalde izan zen 'Debako Arrisku Nuklearraren Aurkako Batzordearen' lege-aholkularia. Lan eskerga egin zuen txostenak prestatzen zein hitzaldiak ematen eta, beti, musu truk. Liburu-egileon iritziz, Rekalderen lana ezinbestekoa izan zen Debako zentral nuklearra ez egiteko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: