Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Deabrua, lehiakortasuna eta liberalismoa

Deabrua, lehiakortasuna eta liberalismoa

Amatiño 2018/03/13 09:00
Munillak baserriko kutxa zaharretik atera du deabrua, gotzain donostiarrak berak baino ikusten ez dituen gaiztakerien aitzakiaz. Beste hainbatek, ordea, lehiakortasuna eta liberalismoa jotzen ditu deabrutzat, elkartasuna eta solidaritatea zapuzten dituztelakoan.

Nik neuk ez dut ulertzen nola arraio zalantzan jarri ote daitekeen lehiakortasuna, Darwinek espezien eboluzioa formulatu zuenetik, behintzat. Euskaldunok hemen gaude, lehiakorrak izatea lortu dugulako eta euskarak era bizirik dirau, hil-ala-biziko ataka gaiztoetan ez duelako lehian amore eman.

Euskal industriak bostehun urte ditu eta orain arte iraun du, zer gerta ere lehiakorra izaten asmatu duelako. Lehiakortasunari muzin egiten diogun egunean, akabo gure industria eta gure lanposturik onenak. Lehiakortasunik ezean, gure balantza negatiboa den egunean, akabo, gure kontzertu ekonomikoa, gure ongizatea eta gure erabaki ahalmena. Izan ere, gure esku dagoen bakarrenetakoa, munduan zehar lehiakorrak izaten ahalegintzea da, baita Donald Trumpen aduana-zergen danborrek jotzen dutenean ere.

Europar Batasuneko merkatu berberean, Alemaniako langabezia ehunetik 5 da, Euskal Herrikoa ehunetik 10 eta Andaluziakoa ehunetik 20. Segurutik historiak, politikak eta geografiak ere zer ikusirik izango dute zenbakiok ulertzeko orduan baina, horratik, alemanen, euskaldunen eta andaluziarren jokabideek ere izango dute errurik edo meriturik, ezta?

Ez dut uste Angela Merkeli ezer galdetu behar zaionik, Alemania Euskadi baino lehiakorragoa eta liberalagoa dela konturatzeko eta, hain zuzen, baita solidarioagoa ere. Ez, soilik, lehiakortasunari esker, langabezia murrizteko gauza den gizarteak solidarioagoa izateko aukera gehiago duelako; baita ere, azken bi urteotan, Alemaniak milioi bat atzerritar eta errefuxiatu hartu dituelako. Inor izatekotan, Alemania da solidarioa, guk geure zilborrari begira dihardugun bitartean.

Euskal gizartea ireki beharra ulertzeko adibiderik onena, gizonek asmatutako elkarte gastronomikoen eredua da. Gizonezkoak baino ez onartzeagatik, txokorik gehienak zeuden itxi beharrean. Emakumeei eta umeei sarbidea eman zaien momentuan, berriz, erabat liberaldu dira, lehiakortu, zorrak kitatzen hasi eta etorkizuna segurtatu.

Ea ikasten dugun.

EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: