Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / David Truebak hamaika urte behar izan ditu begiak irekitzeko

David Truebak hamaika urte behar izan ditu begiak irekitzeko

Amatiño 2014/02/12 00:10
David Trueba zuzendariaren izena dugu egunotan albiste, zinema-informazio guztietan. Sei Goya irabazi ditu bere azken filmak, “Vivir es fácil con los ojos cerrados” delakoak. Hamaika urte behar izan ditu, nonbait, begiak irekitzeko eta bizitzaren konplexutasunaz jabetzeko.
David Truebak  hamaika urte behar izan ditu begiak irekitzeko

David Trueba

David Trueba ez zen honen ezaguna orain hamaika urte. Hain zuzen, 2003ko otsailaren 12an. Ajuria Enea egoitzaren atarian bildu zenean, “ETA asesina, Gobierno Vasco responsable” pankarta eta guzti, Basta Ya plataformaren deiari jaramon eginez.

Hantxe bildu ziren, besteak beste, Fernando Savater filosofoa, Rosa Díez eurolegebiltzarkide sozialista, Vidal de Nicolás Ermua Foroaren presidentea eta Marisa Paredes espainiar Zine Akademiaren presidentea. Eta, beronekin batera, Antonio Resines, Santiago Ramos eta Juan Echanove aktoreak, eta Agustín Díaz Yanes zein David Trueba zuzendariak.

Bere burua “progre”tzat, aurrerakoitzat eta kritikotzat azaltzeko, goresteko, losintxatzeko eta lausenguz josteko horren erraztasun handia duen espainiar zine-jendeak argibideren bat zor digu oraindik euskal hiritarroi.

Izan ere, auskalo zer izan ote zen larriago, espainiar Zine Akademiaren presidenteak manifestazio hartan parte hartzea ala espainiar zine-sektoreko bakartxo batek ere ez salatzea euren presidenteak parte hartu izana edo, gutxienez, “ez nire izenean” inork ere ez esatea. Baina, zer gerta ere, David Trueba bertan zen, bete-betean, Basta Ya txalotxen eta euskal hiritarron ordezkari nagusia isekatzen.

Bai, Euskal Autonomia Erkidegoko hiritarrek demokraziaz hautatutako lehendakariari iseka egitea errentagarri zen garai hartan espainiar merkatuan. Zilegi zen, nonbait, Ibarretxe lehendakariaren eta Xabier Arzalluzen bizkar “cobardes”, “nazis” eta beste, orro egitea.

Hamaika urte geroago kazetariek Kataluniaz galdetu diote David Trueba sarituari eta honek diplomazia handiz erantzun: “Todo esto que está pasando en Cataluña merece una reflexión calmada y que, al final, se tomen las decisiones que quieran los ciudadanos”.

Antza denez, “Vivir es fácil con los ojos cerrados” filmaren egileak erabaki du, behingoz, begiak irekitzea. Hamaika urte behar izan ditu bizitzaren konplexutasunaz jabetzeko. Hobe omen da berandu sekula baino.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: