Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Daukagunaz jabetu eta daukaguna baloratu

Daukagunaz jabetu eta daukaguna baloratu

Amatiño 2009/07/29 23:41
Bruce Springsteen Donostiaz liluratua joan omen da. Besteak beste, zera esan omen du: “hemen bizi zaretenok, behar bada, baloratzen ez dakizuen bizi-kalitatea duzue”. Auskalo gauza berbera esaten ote duen ala ez gure Nagusiak leku guztietan. Edozein modutan, seguru gero donostiar guztiek ez dutela Arbelaitzenean afaltzen eta Maria Cristinan lo egiten. Baina, hala ere, nik bete-betean sinesten diot, aurretik hitzez hitz entzuna baitut irizpide beretsua.

Oso oker ez banago 1995an eratu zen Donostian INPUT (International Public Television) delakoaren Screening Conference izeneko biltzarra eta, lekuko antolatzailea Euskal Telebista zenez gero, hainbat bilera izan nuen Kanadako CBC telebista publikoaren zuzendaritzarekin. Batetik, nik neuk joan behar izan nuen Kanadara bertara eta, bestetik, Northwest Territories eskualdeko zuzendaria Donostiara etorri zen, hemengo azpiegiturak bertatik bertara ezagutze aldera.

Ez zuen Maria Cristinan lo egin, Londres hotelean baizik –hondartzaurrean, beraz— eta ez nuen Oiartzungo Zuberoara eraman, Igeldoko Akelarrera baino, ez baitzen alferrik Pedro Subijana, garai hartan,  ETBren sukaldari ofiziala.

Igeldoraino igo eta, ezin ba Olgeta Parketik Donostialderako ikuspegia erakusteke jaitsi. Ilunabar lasai, baketsu eta gorrixka horietakoa zen, eta munduko herrialderik aberats eta ederrenetakotik etorritako emakume prestu, ilustratu eta dotore harek aho zabalik galdetu zidan, harri eta zur: Zuek jabetzen al zarete daukazuen herriaz?

Behar bada esaldia, benetalaria izateaz gainera, erretoriko samarra ere bazen eta, horretara, ez zitzaioan erantzunik zor. Baina gogotik erantzun nion, ordea: Bai.

Bai, ni bai behintzat. Izan ere, abertzaletasuna munduan zehar ibiltzen osatzen den gaixotasuna dela dioten sasijakintsuek frogatzen duten bakarra zera da: zein gutxi atera izan diren euren txokotik, euren erreferentzia bakarreko txokotik alegia.

Beste historia bat

Emakume prestu, ilustratu eta dotore hura gauza izan zen, bai, Donostiaren edertasunaz zein Euskadiren aberastasunaz konturatzeko. Kanadan eta Donostian elkarrekin egon ginen bospasei egunetan ez zen, ostera, gai izan  ETBren nondik norakoa ulertzeko. Ez zidan ulertu ez Yellowknifen eta ez Iqaluiten, inuitek beste telebista-kontzeptu bat (ez etnografiko hutsa) behar zutela esan nionean eta, are gutxiago, Euskal Herrira etorri eta kalean ezer gutxi entzuten zen hizkuntzaz egun guztiko programazio normaldua egiterik merezi zuenik.

Behar bada, ezer ulertzen ez zuelako ez zidan galdetu: Zuek jabetzen al zarete daukazuen telebistaz? Baina galdetu izan balit segurutik erantzun bat besterik eman ezin: Ez.

Baina hau, esan bezala, beste historia bat da. Ala berbera ote?

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: