Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Datuak onegiak direlako ezkutatzen direnean

Datuak onegiak direlako ezkutatzen direnean

Amatiño 2016/12/05 00:05
Nik uste, une honetan hau irakurtzeari ekin dioten gehien-gehientsuenei interesatzen zaie zein den Eusko Jaurlaritzak euskal hedabideei ematen dien dirulaguntza. Baina, nago, gehien-gehintsuenok ez dakitela. Eta zergatik ez dakite? Datuak publikoak ez direlako ala publikoak izan arren zabaltzerik ez delako komeni? Eta zergatik ez da komeni? Datuok txarregiak direlako ote? Baina, txarregiak balira… gizarte-saretan ez al lirateke nabarmen salatuko? Orduan… onegiak direlako ezkutatzen al dira?
Datuak onegiak direlako ezkutatzen direnean

Euskera 2015, 60, 1

Datuok publikoak dira, bai. Besteak beste, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak zehaztu zituen Euskaltzaindiaren XX. Jagon jardunaldietan, 2015eko azaroaren 20an. Orain urtebete, beraz. Hala ere, kostatuko zaio irakurleari Interneten aipamenik txikiena aurkitzea. Inork uste al du Patxi Baztarrikak adierazitako datuak eskasak balira isilpean iraungo luketela?

Euskaltzaindiak, ohiko martxan, urtebete beranduago alegia, oraintxe argitaratu ditu bere iazko lan eta agiriak (Euskera 2015, 60, 1), eta Baztarrikak orain dela hamahiru hilabete emandako datuek “konparaziozko perspektiba” bat eskaintzen digute “Jaurlaritzaren konpromisoaren tamainaren berri” izateko orduan.

Azken 24 urteotako perspektiba

1991an, diru-laguntzen lehenbiziko urtean, zortzi hedabidek jaso zuten laguntza; guztira, 144.000 euro. Hogeita lau urte geroago, berriz, 2015ean, 85 hedabide eta 142 produktu izan ziren diru-laguntza jaso zutenak. Guztira 5.170.919 euro, Iparraldeko (128.700 €) eta Nafarroako (260.507 €) hedabideak tarteko.

Horretara, 2015eko euskarazko hedabideen kopurua 1991koan halako 10,6 izan da, eta hedabide horiek jasotako diru-kopurua 1991n jaso zutena baino 35 bider gehiago. Hogeita lau urteotan bizitzaren garestitzea ia bikoiztu egin da.

Gales eta Kataluniarekiko konparaziozko perspektiba

Eusko Jaurlaritzak 2015ean euskarazko hedabideentzako 5.170.919 euroko diru-laguntzak eman zituen bitartean, Galesko gobernuak 448.010 libera esterlina eman zituen, eta Kataluniako Generalitateak 6.540.095,68 euro.

Kataluniarekiko konparaziozko perspektiba izateko, gogoan izan, 2015ean, Eusko Jaurlaritzak 10,6 mila milioiko aurrekontu orokorra izan zuen artean, Kataluniako Generalitateak 32,5 mila milioi eurokoa izan zuela, Jaurlaritzaren halako hiru pasatxo, alegia.

Hedabide zehatzekiko perspektiba

La Vanguardia egunkariaren katalanezko bertsioa izan zen, 2015ean, bertako gobernuaren laguntzarik handiena jaso zuena. Batez beste, egunero, 57.891 ale saldu zituen eta 810.719,99 euro jaso. Urte berean, Berriak 12.800 ale/eguneko saldu zituen eta 1.292.150 euro eskuratu.

Salmentetan, Katalunian, Berriaren pareko dena Ara egunkaria da. Biek saltzen duten 12.800 ale/eguneko. Katalanak, OJDk neurtuta eta euskaldunak, berak emandako zifren arabera. Dirutan, aldiz, Berriak esandako 1.292.150 € jaso zituen eta Arak, ostera, 313.495,25 €.

Kataluniako Ara egunkariaren pareko diru-laguntza jaso zuena, Argia astekaria izan zen Euskal Herrian. Egia esan, zerbait gehiago (+%15,8): 363.400,00 euro. Baina Ara egunerokoa da eta Argia, berriz, astean behingoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: