Datu hotzen eta giro goibelaren arteko arrakala
Goiko taularen zenbakiak hobeto ulertzeko, komenigarri dateke honako zertzelada hauek kontuan hartzea:
Datuok irailaren 30ekoak dira, alegia: uztaila, abuztua eta irailekoak. Lehen konfinamendua ekainean amaitu zen. Ez ditu biltzen azken zazpi astebeteotan gertatutakoak.
Langabeziaren datuak zehatz interpretatzeko, gogoan izan ERTEz dauden langileak, lanean arituko balirakotzat jotzen direla, Eurostaten zein Nazioarteko Lan Antolamenduaren irizpidez.
Apiriletik ekainera bitartean telelanez jardun zutenak %16,2 izan ziren. Uztailetik irailera, ostera, %10,3.
Espainia (%16,3) da, egun, Greziaren (%16,8) ondotik, langabeziarik handiena duen europar estatua. Hirugarrena, alde handiz, Italia (%9,6) da.
Europaren malurak azpimarratzeko orduan gogoan izaten ez diren arren, Txekiaren eta Poloniaren langabezia-mailak %2,8 eta %3,1 bezainbat dira. Biak ala biak, europarrak.
Auskalo, pandemiaren bidegurutze honetan, estatistikek balio ote duten egiazko egoera zertan den adierazteko. Seguru asko balio izango dute, guztia amaitzen denean, gertatuaren nondik norako garapen osoaz jabetzeko eta larrialdiaren zenbaterainoko kalteak zehazteko. Baina, artean, ikaragarria, benetan, estatistika hotzek aditzera ematen duten itxurazko patxadaren eta gizarteak bertatik bertara bizi duen giro goibelaren arteko arrakala.
Zalantzarik ez, hurrengo abenduaren 31ko datuak adierazgarriagoak izango direla. Baita, tamalez, beldurgarriagoak ere.