Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Datorkigun erronkaz jabetu beharra

Datorkigun erronkaz jabetu beharra

Amatiño 2017/09/23 00:05
Euskal Herrian sinetsirik gaude gure ingurumen-kontzientzia handia dela, baina Euskal Herriko bertako zenbait zientzialariren iritziz, ez gara arazoaz behar beste jabetzen. Hau da, sekulako haizeteak eta uholde izugarriak jasan arte, edo sukaldeko grifoan urik falta ez den artean, ez omen gara datorkigun erronkaz benetan arduratuko.

Bi dira, Euskal Herrian oso errotuak ditugun usteak. Bat, errudunik handiena industria dela eta gutako bakoitza, ostera, ama birjina sortzez garbia bezain errugabea. Eta bi, erantzukizuna “besteena” dela. Gobernuarena edo dena delakoarena, baina ez gurea, beti “besteena”.

Ustea ustel, klima-aldaketaren erruduntzat industria jo arren, salaketa horrek balio lezakeen, gurean, joan zen mendeko zazpigarren hamarkada arte, baina ez orain. Euskal industria da, hain zuzen, azken berrogeita hamar urteotan etxeko ariketak ondoen egin dituen sektorea. Eta ez, behar bada, borondate oneko ingurumen-kezkaz edo arduraz; baina, bai, derrigorrez lehiakorra izan beharraren beharrez.

Gaur egun, oro har, Euskal Herriko punturik beltzenak ez daude industria-eremuetan, hiriburu-bihotzetan baino. Eta eragilea ez da industria-jarduera, garraioa eta mugikortasuna baizik. Hitz batez, trafikoa: zu eta biok alegia… gehi urlia, sendia eta berendia. Orduan, garbi gera bedi: oso erosoa da, eta zinez lasaigarria, industriari errua leporatzea, baina hori, gezurra izateaz gainera, geure buruaren iheskeria baino ez da.

Begira, adi, gaur egun, debekatua dago Europar Batasun osoan fuelolioa erretzea. Eta, petrolioa, gasolioa eta gasolina erretzen jarraitzen dutenak ez dira enpresak. Dira autoak, motorrak, kamioiak, traktoreak, autobusak, hegazkinak eta itsasontziak.

Eta ez gero ahaztu, aipatutako ibilgailu hauek petrolioa erretzen dutela… nahiz pilotua ekologistarik amorratuena izan eta inori lekzioak ematera etorri. Kontu honetan ere nork bere zurigarriak ditu, norberaren buruari komeni zaizkionak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: