Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Dataismoaren muga

Dataismoaren muga

Amatiño 2020/10/26 11:15
Dataismoa ez da, oraindik behintzat, erlijio bat. Ezta, agian, ideologia bat ere. Baina bai, behar bada, filosofía bat. Bai, behintzat, barrena, joera nabarmen bat. Inoiz jainkotuko ez omen dena, “aberatsek gero eta aberatsago izaten jarrai dezaten betiko behargin konbentzionalak behar izango dituztelako”.

Ez dago Yuval Noha Harari irakasleari jaramonik (Homo Deus, 2016) egin beharrik jabetzeko zein asko ardura zaizkien datuak gure gaztetxoei . Datuak edo daturik eza. Edo, hobeto esan, datuak ahitzea edota datuetara iritsi ezinez geratu izatea. Datuak dira, lehen eta behingoz, publizitateak promesten dizkiena. Datuak ala katastrofea, aldarrikatzen du iragarkiak.

Dataismoaren esanetan, musika, matematikak, estatistikak, gertaerak, iragarpenak, pentsamenduak, gurariak, sentipenak zein ametsak, guztiak ere, jakineko datuak dira, nolabaiteko algoritmoak… omen. Eta harako “gauzen internetaren” katean, gizakia txip bat baino ez bide da izango, nolabaiteko algoritmo-sistemaren agintepean amaituko dena.

Honetaz ari ginen firin-faran jardunean ia nire biloba izan zitekeen informatikoa eta biok, gazteak nire ordenadorea eguneratzen ziharduen artean, eta, zerbait esate aldera-edo, diotsat:

 Martxa honetan, denok ere txip soil batzuk baino ez omen gara izango…

Eta hogeitaka urtekoak diost, teklak sakatzeari lagatzeke:

 Ez, hori ez da inoiz gertatuko.

 Joño, zein seguru zauden. Zergatik?

 Ba… Aberatsek gero eta aberatsago izaten jarrai dezaten betiko behargin konbentzionalak behar izango dituztelako.

 Ez dakit ondo ulertzen ote dizudan…

 Horretarako da pentsatzeko txipa…

 ...?

Zahartzen ari naiz... Baina gaztetasuna eta informatika ez dira, besterik gabe, jakinduriaren egiaztabide.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: