Darwin Altonagarenean
Jakinmina, ikerketa eta ezaupidea behar da gero Charles Darwin naturalista XIX. mendeko zenbait indianorekin lotzeko, duela ehun urteko euskal eruditoak haren soinuaren inguruan dantzan jartzeko edo diktadurapeko Jakin (17. alea, 1964) aldizkariaren katakunbetan indusi aztarren bila muturra sartzeko. Baina, behar-behar, jakinmina, ikerketa eta ezaupideaz gainera, trebetasun nabarmenik ere behar da. Eta Altonaga ikertzaile on bezain kontalari artez eta trebea da.
Darwin gurean (Pamiela, 2010) saiakera (Juan Zelaia Saria 2009) ikaragarri polita da politik bada, entretenigarria oso, plazer edo laket hutsa, horietako zertzeladak, iruzkinak eta ipi-apak gustuko ditugunontzat behintzat.
Ez dut nik fikzio premiarik ukatuko, baina daukat euskal liburugintza era honetako zabalkunde-lanen faltan dagoela, literatura-sorkuntzaren, filosofia-pentsamenduaren eta eskola-didaktismoaren arteko distantziakidetasunez.
Ulertu ez dudana
Kepa Altonaga doktoreari esker askoz ere hobeto dakigu orain zein izan den Darwinen nondik norakoa geurean baina, arraro samar iruditu arren, ez dut erabat ulertu, ordea, zertan izan den Darwin Altonagarenean.
Jakingarri bada ere, ez zait egia esan batere harrigarri gertatu Fermin Irigarai Larreko mediku onberak apaizei sinestea (1926), Mateo Mujika gotzainak eboluzio materialista dekretuz (1931) ukatzea, Aita Barandiaran patriarka kreaziozale (irazapenzale) izatea (1932), Piarres Lafitte kalonjeak Jainkoaren aldeko apostua egitea edo Orixe mistika-idazleak eboluzioaren ateak zerraila eta guzti ixtea (1948). Nekez zitekeen bestela*.
Ene irudiko askoz ere harrigarriagoa da 1980an biologian lizentzia lortu zuen Kepa Altonagak berak artean gauzak hain argi ez izatea eta, hitzez hitz aitortzen duenez, 1982an François Jacob Nobel saridunaren La lógica de lo viviente eta El juego de lo posible irakurri arte “osozko eboluzio-zaleen taldera” ez lerratu izana.
Bistan da gero, 1975tik 1980ra unibertsitatean aritu izan zen bitartean, Kepa Altonaga gazteak ez zuela Koldo Mitxelenarekin hainbat elkarrizketa, bazkaloste edo hitzaspertu egiteko aukerarik izan. Paradoxa bada ere, Leioan biologia ikasi beharrean Gasteizen hizkuntzalaritza egin izan balu, agian dezente lehenago ikasiko zukeen Darwinen berri.
*Altonaga bezain “basaltotuta” nago, ostera, Plazido Muxikak evolucionismo-darwinismo zentzua euskaratzeko egin zuen proposamenaz: darbinkeria. Eta, ikusi dudanez, ez 1965eko lehen argitalpenean soilik, baita 1981ekoan ere. Hamaika ikusteko jaio ginen!