Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Cristobal Balenciaga, artista eta enpresari euskalduna Parisen

Cristobal Balenciaga, artista eta enpresari euskalduna Parisen

Amatiño 2024/06/30 10:36
Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga hirukotearen “Cristóbal Balenciaga” ekoizpena (1) fabulazioa da, entretenitzeaz gainera, pertsonaia bera eta bizi izan zuen testuingurua ulertarazteko apropos bilbatua.

Bere buruarekin hain zorrotza zen Balenciagari gustatuko litzaiokeen istorioa eta ondorengoek zer pentsatuko ote luketenaren beldur hil zen Cristobal lasaituko lukeena. Gidoigileek kritikoagoak izateko hainbat helduleku baztertu dituzte bide ertzean, baita, aldi berean, lausengutan galtzeko aukerak alboratu ere, “epikaren eta intimitatearen arteko oreka lortu gurarik” (Aitor Arregi).

Horretan datza, hain zuzen ere, erronkarik zailena. Balenciaga goi-mailako jostuna, elite-modaren eraberritzailea, sektoreko enpresaririk handienetakoa… dezente dokumentatua dago. Cristobal getariar barnekoiak, berriz, jostundegiko neskatila donostiarrak euskaraz ez jakitzeagatik lotsarazten zituenak, Bretxako merkatuko arrain-saltzaileekin berriketan aritzea gustuko zuenak edo 1920 hamarkadako Donostia hartan mutil-lagunarekin etxe berean bizi izateko ausardia izan zuen joskin gazteak ezkutuan darrai.

Distantzia motzetan trebeago zen, nonbait, Jose arrantzalearen eta Martina jostunaren semea. Gauza zen Marlene Dietrich, Audrey Hepburn, Greta Garbo, Jaqueline Kennedy, Helena Rubinstein (garaiko emakumerik aberatsenetakoa), Mona Von Bismarck (munduko emakumerik dotoreena), Windsorreko dukesa, Monakoko Grace Kelly printzesa edo Belgikako Fabiola erregina seduzitzeko, baina erabat uxatzen zituen “soirées parisiennes” distiratsuak, eta, lotsaren lotsaz, errezelen artean kirikatzen geratu izaten zen jendarteko desfileek zirauten artean. Miren Arzalluz Parisko Palais Gallieraren zuzendari bilbotarrak esan bezala, oso euskalduna zen.

Cristobal Balenciagak elkarrizketa bi baino ez zituen onartu mende erdiko punta-puntako bizitza profesionalean zehar. Nago, erreparo edo mesfidantza hau ere oso euskalduna dela. Ardura bikoitza: esan nahi zuena esaten amaituko ote zuen konfiantzarik eza; eta, azkenean, esandakoarekin gustura geratuko ez zenaren itzelezko beldurra.

Itxuraz behintzat, maisuak politikaz kanpo kokatu zuen bere burua, eta frankismoaren menpeko handikiek zein nazien aterpean egokitu ziren paristarrek Balenciaga Etxera jo zutenean luxoz jantzi nahirik, ez zien aterik itxi, bezeroen iritzi politikoak inori axola ez zitzaizkiolakoan. Baina, bitartean, Getariako zinegotzi liberalaren semea zenak isilpeko zubi-lana egiten asmatu zuen, Espainiako gobernu frankista, gobernu frantsesa, naziak eta Londresko Eusko Jaurlaritzaren artean.

Christian Dior mitoaren hitzetan, Cristobal Balenciaga “gu guztion maisua izan zen”, eta Coco Chanel ikonoaren iritziz, berriz, “gure artean josten dakien bakarra”, beste inork ez baitzuen getariarrak ume-umetatik izan zuena: ama jostuna. Hamabi urte besterik ez zituela Casa-Torreseneko markesari soinekoa egin zion mutikoak, amaren ezpaletik menderatu zuen inork ez bezala josteko teknika. Artista diseinugilearen jantzi zuri-zuria bai, agerian, baina eskulangilearen mantal mahoi urdina, azpian.

Enpresari (2) gisa ere, gerra osteko beste hainbat euskal enpresariren parekoa izan zen. Ordurik gabeko behargin amorratua, tutik ere entzuteko prest ez zegoen zuzendaria. Bera bezeroak aurkitzen saiatu baino, bezeroek aurkitu zuten bera. Eta garai, merkatu eta eskari-aldaketen zorian ez zuen asmatu edo asmatzerik nahi izan. Ezta enpresak iraupenik izan zezan jarraitzailerik bideratzen ahalegindu ere. Belaunaldi bakarreko enpresaria. Joskin perfektoa izan nahi zuen eta perfekzioaren perfekzioz itxi zuen. Berrikuntza baldin bada arazoa, premia edo ideia sortzailea irtenbide bilakatzeko prozesua, Balenciaga enpresariak muzin egin zion hartaz ekiteari ere.

enpresaBIDEA

1) "Cristóbal Balenciaga" telesaila

2) Bostehun inguru langile izatera heldu zen. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: