Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Côte d'Azur, eguzkiaz gainera

Côte d'Azur, eguzkiaz gainera

Amatiño 2013/02/01 23:45
Frantziako Rivierak, Proventzako itsasbazterrak, Côte d’Azur edo Kosta Urdina delakoak, alegia, aurpegi asko ditu. Monakok gogorarazten digu Grimalditarren erregetza; Montecarlok, jokoa eta rallyeak; Cannesek, zinema; Grassek, Erdi Aroko lurrin-tailerrak; Nizak, piratak eta, Saint-Tropezek, gaztetako Brigitte Bardot eta gainerakoak. Baina ez da hor harako Riviera frantsesa amaitzen. Horrez gainera, badira arte-erakusketak, galeriak zein museo bakanak, eta bertatik bertara bisitatu beharreko harrizko herriak.
Côte d'Azur, eguzkiaz gainera

Augustoren Alpeetako Trofeoa

Lehenengo andanan aipagarri, besteak beste, Picasso, Matisse, Chagall, Renoir, Ephrussi de Rothschild eta Maeght Fundazioaren museo aproposak non, gure Chillidarenak tarteko, Giacomettiren nahiz Tapiesen eta Miróren lanak ikusi ahal diren.

Bigarren andanan, berriz, Mougins, Saint Paul de Vence edo Eze bezalako herrixkak, oraindik orain XV. zein XVI. mendeetako hirigintzaren lekukotzat tinko dirautenak.

Eguzki-turistaren begiak etxean lagata –zer esanik ez neguan joanez gero—, bistan da artista-topaleku izan zela Proventzako itsasbazterra XIX. mendetik XX.ra bitarteko zubigintzan. Baita emakumeen emantzipazioaren isla ere, Misia Godebska --"Parisko Erregina"-- eta Suzy Solidor kasu.

Eta, hau guztia gutxi bailitzan, ezin gero ahaztu, antzinako Liguriatik Rodano haranera (Arles, Nimes etab.), Proventza guztia ezinbesteko ibia izan zela hainbat mende luzetan, Erromatik Galiara bidean. Europar zibilizazioaren ardatzetakoa, besteak beste.

Garai haietako adierazgarri nabarmena da Augustoren  AlpeetakoTrofeo garaua. Benetako “tropeaum” bi besterik ez omen daude munduan. Errumanian dagoena, bat, eta Monako (Monoikos) gain-gaineko beste hau, bi. Erromatarren inperioak Alpeetako 45 herri edo nazio garaitu eta azpiratu izana ospatzeko, garaikur erraldoi gisa eraikia, duela 2.000 urte luze.

Misia..... suzy-solidor-1933

Misia Sert                                                                   Suzy Solidor

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: