Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Durangoko Azoka, 1975: Mirèio

Durangoko Azoka, 1975: Mirèio

Luistxo Fernandez 2010/12/09 00:12
Beti harritu izan naute liburuak urtean behin baino erosten ez dituztenek. Bai duela 35 urte eta zer esanik ez orain. Nola arraio aukeratu? Nola egoki samar hautatu? Urtean zehar han-hemenka pikatzen zail baldin bada… zelan demontre asmatu Durangoko bazar garau, jori eta sakabanatu horretan?

Durangoko azokak zorabioa sortarazten dit eta apaltasuna eragin. Liburu azokaren lehen urratsak Uribarriko Santa Maria elizatarian ezagutu genituon hainbati egungo oparotasunak itolarria ematen digu. Oker ez banago 1974an edo ekin genion Zeruko Argian Durangoko Liburu Azokaz erreportaje bereziak egiteari. Garai hartan, urtean zehar argitaratutako liburu guztien berri jakin izaten genuen (gehienak irakurri),  eta ezagupenak eman ohi duen nolabaiteko “kontrolaz”  harro-punttua sentitu. Orain, ostera, sekula irakurriko ez dudan horrenbeste liburu elkarrekin ikusi izanak apaltzen, makurtzen edo zahartzen nau. Nork esan du iragana beti hobea izan denik?

Gogoan dut orain dela 35 urte inguru, azokako liburu-miaketan ari nintzela, zerbait eskuratu nahi eta erabaki ezinean ziharduen eroslegaia sumatu nuela nere alboan. Egiten zituen galderengatik igartzen zitzaion batere ezagutzen ez zuen arloan ari zela, ardi galdu gisa. Zerbait erosi nahi zuen, baina ez zekien zer. Euskarazko libururen bat gura zuen etxera eraman, nolabait parte hartu, baina denak arrotz zitzaizkion. Lotsa edo beldur ere bazen eta, antza, merke mila. Halakoren batean, Nikolas Ormaetxea "Orixe"k euskaratutako (Bilbao, 1930) Mirèio liburuxka eskuan hartu, saltzailearengana besoa luzatu eta esan zuen, apal-apal: “Hau”.

mIREIO

 Bat-batean oker ziharduela esatea otu zitzaidan, hura ez zela beretzat, ez zela asmatzen ari, hobe lukeela beste zerbait, egokiago edo samurrago litzaiokeela beste edozein…  Baina, ez nintzen ausartu. Behar bada huraxe zen, hain zuzen ere, berak nahi zuena. Zergatik jakin behar nuen ba nik berak baino gehiago? Nor nintzen gero ni alboko eroslea ezjakintzat jotzeko, eta jendaurrean gainera? Baina geroztikako guztietan, Durangora hurreratu naizen bakoitzean, azokak joan eta azokak etorri, Mirèio-ren euskal itzulpenaren borondate oneko erosle apalaz gogoratzen naiz beti. Eta beti uste dut, nahiz eta datu zehatzik batere ez izan, egun hartan euskarak irakurlegai bat galdu zuela eta nik ez nuela galera hura ekiditzeko ezer egin.

Durangoko Azoka, 1975

San Martin 525

Juan San Martin, Karlos Caballero eta Bittor Kapanaga

Torrealday 400

Abel Muniategi eta Joan Mari Torrealdai

Beobide 400

Iñaki Beobide, Imanol Olaizola eta Iñaki Irigoien

 X Gereño 400

Julen Lizundia eta Xabier Gereño

Zearreta 400

Juanjo Zearreta, Rikardo Badiola eta Goio Jaka

Luis M Mendiza 400

Luis Mari Mendizabal eta auskalo, ez naiz gogoratzen

 X Aranburu 250

Xabier Aranburu

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: