Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Gaztedi gorri-zuria, zelai orlegian

Gaztedi gorri-zuria, zelai orlegian

Amatiño 2012/03/14 17:00
Euskadi Irratiaren politika-solasaldian Xabier Gurrutxagak aitortu zuenez, bekaitzez ikusi omen zuen Athletic-ek Manchesterren jokatutako partida. Eta denok sumatu genuen Xabier, errealzalea izateaz gainera, tipo jatorra eta gardena dela.

Bistan da errealzale guztiek ez zutela partida hain eroso ikusi. Bekaitza ona da, plazerra eragiten duenean, baina zeharo jasangaitza, aldiz, tripa-jana sortaraziez gero. Erosotasunik ezaren ezaz, ez zen falta izan egun hartan Athletic-ek zeraman elastiko berdea ere bekozko ilunez ikusi zuenik, talde zuri-gorriak euskal selekzioaren ordezkaritzaz jabetu nahi izan zuelakoan edo.

Koloreekiko hautuek, ikurrek eta leialtasunek esames asko eragin ohi dute. Errealitatea ez da, ordea, horren epikoa izaten. Bizkaitik kanpora inor gutxik daki Athletic-en lehen elastikoa zuri-zuria izan zena eta zuri-urdina, berriz, 1902-03 denboralditik aurrera.  Antza, garai hartan ez zen batere erraza euskal merkatuan kirol-soinekorik aurkitzea eta, 1910an, Klubak ordezkaria bidali zuen Ingalaterraraino 50 elastiko zuri-urdin eros zitzan. Alerik ere aurkitu ez, ordea, eta, Southampton-en Bilborako itsasontzia hartu aurretik, bertako taldearen zuri-gorriak erosi zituen,  esku hutsik ez itzultzearren. Gaur arte.

Geroztik, lehen mailako talderik gehienek bezala, Athletic-ek bizpahiru janzkera izan ditu (inoiz baita lau ere). Ohiko ofiziala bata, eta beste bi-edo unean uneko aurkariaren arabera. Ofiziala ezer gutxi aldatu ohi da (urtero “berritzat” saltzeko lain baino ez), baina bigarren eta hirugarren elastikoak nahi beste, irudimen-mugaz baino ez. Esaterako, 2004an Dario Urzai artistak marraztu zuena omen da futbol-historian zehar hogei elastikorik zatarrenetako bat.

Iaz, bigarren kamiseta erabat beltza izan zen. Aurten, jakina denez, berdea –zuri-gorriz--. Ezin esan gero, ehun urteotan Athletic-ek hiru koloreok sarri elkartu dituenik, baina ezta aurtengoa aurrena denik ere. Orain bospasei urte elastiko zuria –gorri-berdez-- erabili zuen.

Edozein modutan, ezin esan ere, hiru koloreok arrotz zaizkionik Athletic-i. Ereserkia gogoan izan besterik ez dago:

 

Athletic gorri ta zuria, danontzat zara zu geuria
erritik sortu ziñalako, maite zaitu erriak.
Gaztedi gorri-zuria, zelai orlegian
Euskalerriaren erakusgarria.

 

Joseba Etxebe

Joseba Etxebarria. Errealaren koloreak ordezkatu nahi ote?

urzay_athletic

Dario Urzai eta historiako deseinik zatarrenetakoa

Llorente

Beltza izan da, zuri-gorri ofizialaren ondotik, elastikorik salduena

Berdea1

Orlegia, iazko apirilean aurkeztu zen estreinako

iturri
iturri dio:
2012/03/17 21:03

Niretzat elastiko ramegantea da Urzaizena, baina ez da nire taldea Athletic.

Athleticek Euskadiko selekzioa izan behar zuela zioen taldeko presidente batek, baina ezin da esan elastiko orlegi horrek antza duenik euskal selekzioaren kamisetarekin.

Bapo.

iturri
iturri dio:
2012/03/15 01:33

Joe, Amatiño! Nolatan esan dezakezu zatarrena izan zela Urzairen diseinua? Hori izan da Athletic-en kamiseta polittena!

Berdeari dagokionez, lehengoan esandakoa mantentzen dut. Gaur gauza bera esan dit futbola niri baino gutxiago gustatzen zaion pertsona batek: selekzioaren kamiseta dirudiela.

Amatiño
Amatiño dio:
2012/03/15 16:13

Bai, agian Dario Urzairena zen onena eta politena, baina ez erabiliena, salduena eta arrakastatsuena. Uste dut partida bakar batean baino ez zela erabili. Datu objektibo hutsa zera da: ez da futbolzale sutsua izan behar lehen eta hirugarren argazkietako jokalariak ezagutzeko, baina zalerik amorratuneak ere nekez jakingo du nor arraio diren bigarren argazkikoak. Tarte-kontua.

Era berean, ni gauza naiz, begiak itxita ere, Eibarko kaleko eta baserriko euskara bereizteko, baina Korea eta Japoniako hizkuntzak berdinak iruditzen zaizkit. Tarte-kontua.

Bitartean, ba omen da Athletic-en eta Euskadiren kamiseta berdintzat jotzen duenik. Tarte-kontua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: