Erantzukizun urriegi eta etika ugariegi
Ezin izango dugu esan gurasoek, lagunek, eskolak, irakasleek edo erakundeek ardurarik ez dutenik edo batere konturik eman behar ez dutenik baina, horratik, erasoa edo dena delakoa egin duen nerabeak ere erantzukizunen bat izango du, ezta?
Gurean nabarmen errotua dugu errua “beste norbaiti” leporatu nahia eta auskalo honelako jarrerak indartzea modurik onena ote den gazte-jendea hezitzeko. Izan ere, ankerkeriaren bat egin berri duen gazteak sumatzen baldin badu gizartea gauza dela erruduna nor den eztabaidatzeari ekiteko eta, hain zuzen, berak ezezik, beste edozenbatek ere baduela zer ikusirik erruak banatzerako orduan... ez dakit ba nik jokamolde horrek hurrengoko ekintza onartezinak uxatzeko ala suspertzeko balio izan ote dezakeen.
Zentzu berean, ondo dago inoren ideiak eta iritziak errespetatzea, eta beti ere eskuzabal eta tolerakor samarra izatea baina, “zenbat buru hainbat aburu” esaera zaharra onartu arren ere, honek ez du esangura iritzi guztiek berdin balio dutenik, den-denak zilegi direnik edota jokabide guztiak etikoak direnik.
Gizakiak mendeak daramatza gizabidea jorratzen eta, seguru gero, beste horrenbeste mendetan ere lantzen jarraitu beharko duela, bidea ibiliz egiten baita. Baina honek ez du esanahi orain arte urratutako bidea antzua edo alferrikakoa denik, balore-eskalarik ez dagoenik edota bakoitza, batere mugarik gabe, bere etika aproposaren jabe izan daitekeenik.
Gauza bat da "zenbat buru hainbat aburu" onestea eta beste bat "zenbat pertsona hainbat etika" proposatzea. Esan gabe doa ez dagoela etika bat eta bakarra aldarrikatzerik baina, aldi berean, ezin ere ukatu etikak aburuak baino dezente urriagoak direna plazan. Etikak jakineko mugak ditu, gizabidearen, gizalegearen eta giza-duintasunaren mugak, besteak beste.