Continuará…
"Humanismo popular vasco"... ideia honek merezi izango du, hurrengoan, iruzkinen bat
Itxaropen horren adierazgarri da segurutik Jesus Galindez arabarrak Gernika (1953, 22. zbka.) aldizkarian idatzitako Relación Cronológica de Jefes de Estado Vascos artikuluxka, non VII. mendean hasi eta 1936 arte euskal agintaririk nagusienen zerrenda laburbiltzen duen.
Jesus Galindezek hamar multzotan banatzen ditu historian zehar Euskal Herriak izan omen dituen “estatu-buruzagiak”: Baskoniako Dukeak (601-824), Nafarroako euskal errege-erreginak (824-1234), Champagne dinastia (1234-1305), Frantziako errege-dinastia (1305-1479), Foix dinastia (1479-1517), Albret dinastia (1517-1610), Austria dinastia (1516-1700), Borboi dinastia (1700-1869), Gaztelako zein Frantziako errege-menpekotasuna (aldika eta herrialdeka) eta 1936ko lehen Eusko Jaurlaritza.
Hemen kontua ez da Galindezek arrazoirik duen, datu historikoak eta adierazitako interpretazioak benetan objektibo samarrak diren edota guztiari ez ote darion nolabaiteko lirika eta epika. Ezta ere zerrenda horretan dauden guztiak izan ziren edo izandako guztiak dauden. Kontua besterik da.
Kontua da, ene irudiko behintzat, azken-azkenean ezartzen duen “continuará” delako horri datxekion baikortasun itxaropentsua. Alegia, honaino iritsi gara nola hala, jaioko dira berriak, gu gara euskalerriak.
Ulergarri dateke itxaropen hau gauzak dezente ondo ateratzen zaizkigunean, lantzean behingo albiste onak nagusitzen direnean edo hauteskundeetako emaitzek pozten gaituztenean. Baina 1953an, Francoren diktadurapean, gure historiaren tunelperik ilunenetakoan, atzerrian eta erbestean… hau ez da amaitu, “continuará…” nahiz guk ezagutu ez.
Hain zuzen ere, hiru urte geroago, 1956an, Trujillo diktadorearen aginduz atxilotu eta erail zuten.