Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ama eta alaba, aldi berean

Ama eta alaba, aldi berean

Amatiño 2022/09/20 13:25
Azkenean, “Cinco lobitos” filmak ez du ordezkatuko (“Alcarràs”en* mesedetan) espainiar zinemagintza, 95. Oscar Sarietan. Donostiako 70. Zinemaldian ikusi ahal izango dugu, ordea, Alauda Ruiz de Azuaren filma, Zinemira sailaren baitan, hilaren 23an eta 24ean.

Alauda Ruiz de Azuaren  (Barakaldo, 1978) opera primak xeheki dagerkigu itxuraz denetik duen Amaia (Laia Costa) ezkonberriaren ezusteko esperientzia. Gurasoak ditu, Koldo eta Begoña; senarra du, Javi; lanik ere badu, itzultzailea; eta horra non, nahi eta espero zuen haurra datorkion, Jone. Hortik aurrera ezer ez da izango Amaiak berak itxaro lezakeen bezala.

Ezertaz konturatu baino lehen, senarrak kanpoan aurkituko du lana; berak, ordea, bereari eutsi ezinik, alabak uste baino gehiago lotzen baitu, eta gurasoak ziztu bizian zahartuko zaizkio. Hara, alaba eta emaztea zena, haurra jaiotzearekin batera ama bihurtuko den, jaioberriaren ama ez ezik, baita familia osoaren sostengu emozionala ere. 

Guztiaz jabetu beharraren beharrez, eguneroko errutina larriak eta etsipen latzak ama gaztearen barne muinak jango dituzte. Ama eta alaba aldi berean izatearen malurra.

Filmaren formaz, egituraz, estetikaz, amatasunaren mezuez eta interpretazio-balioez gainera, Alauda Ruiz de Azuaren lehen film luzeak (aurretik bost ditu laburrak) islatzen ditu euskal gizartearen baitan ohikoak diren hiru ñabardura:

1. “Aita” eta “ama” esan, urrutian Euskadi irratia entzun eta noizik behin abestiren bat euskaraz** kantatu (Laboaren “Txoria txori”) edo izan ezik, euskal familia gaztelaniaz bizi da, arrunt asko, normaltasun osoz.

2. Lau protagonistak, jario handirik gabe baina naturaltasunez mintzo dira eguneroko gaiez, “libratzeaz” (gorputzetik) esaterako, baina kostatu egiten zaie estimuez eta sentimenduez hitz egitea. Gehiago da esaten ez dena, esaten dena baino. 

3. Agerikoa bezain normala bi bikoteen artean nagusi den kultura patriarkala. Amaiaren aita, Koldo, aitona puska, ganoragabetua dagoela onartzeko batere ardurarik ez duena. Eta Amaiaren senarra, Javi, “zuk nahi duzuna” esan bai, baina ura bere errotara eramango duena.

Film intimista, aukeran hobe ikustea zinema-aretoaren kaxa ilunean, telebistari sarri atxiki ohi zaion zorabio txikerrean baino. Edozein modutan, aparteko aktoreak, Laia Costa (Amaia), Susi Sanchez (Begoña) eta Ramon Barea (Koldo),  bereziki.

* "Alcarràs".

** Jaioberriari, ordea, "Cinco lobitos" kantatzen zaio, Euskal Herriko  zenbait girotan uste baino arruntago denaren seinale. Izan ere, hainbatek Extremadurako herri-kantatzat jotzen badu ere, Etnikerrek Arabako Guardian bildua du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: