Chillidarenak
Gizon on-puska zen Eduardo Chillida. Ezetz esaten ez zekiena. Erabat apala eta, Xenpelarren ildotik, "ez gerraren zale baizik bakearen alde". Eta, bakeak egiteko, sorbatzak uxatu eta bizarrak leundu behar direna dakitenetakoa.
Hiruzpalau aldiz baino ez nuen nik berarekin samur hitzegiteko betarik izan. Eta behin baino gehiagotan aitortu zidan euskaraz ez jakin izanak bere baitan sortarazten zuen nolabaiteko malurra, egonezina edo koherentziarik eza.
Berari entzun nion, estreinako, arteak ez duela teknologiak ezinbestez duen hurrenez hurrengo bilakaerarik. Alegia, nekez izan daitekeen arren errotarririk gabeko eiherarik edo argindarrik gabeko telebistarik... erromanikoa, barrokoa eta kubismoa ez direla elkarren arteko ezinbesteko fruitu eta ondorio, are gutxiago progresio.
Azken aldiz 1990an ikusi genuen elkar aurrez aurre, Gipuzkoako Kutxarentzat egin zuen anagramaren aurkezpenean. Ene iritzia eskatu zidan (nire iritziak baliorik izango balu bezala). Erantzun nion, bote lasterrean, anagrama asko gustatzen zitzaidala baina inguruan zeramatzan koloretako tantoak, ordea, ezertxo ere ez. Ez zidan fitsik erantzun.
1990eko diseinua